The Only Ones, Buzzcocks eta Stiff Little Fingers taldeek joko dabe laster Bilboko Kafe Antzokian

Bizkaie! 2009-01-05 15:02   Musikea

Punk rock mobimentuak 1970eko hamarkadearen amaieran emon zituan hiru talde handi pasauko dira datozan hileetan Bilboko Kafe Antzokitik. The Only Ones taldea zezeilaren 21ean izango da areto bilbotarrean; Buzzcocks izango dira hurrengoak, martiaren 5ean; eta Stiff Little Fingers irlandarrek martiaren 12an joko dabe Bilbon.

Punk rock mobimentuak 1970eko hamarkadearen amaieran emon zituan hiru talde handi pasauko dira datozan hileetan Bilboko Kafe Antzokitik. The Only Ones taldea zezeilaren 21ean izango da areto bilbotarrean; Buzzcocks izango dira hurrengoak, martiaren 5ean; eta Stiff Little Fingers irlandarrek martiaren 12an joko dabe Bilbon.


The Only Ones

Talde ingeles historikoa lehenengoz izango da Euskal Herrian. 1970eko hamarkadearen amaieran, punk musikea errotuta egoan gizartean; Sex Pistols taldea banandu barri zan, The Clash taldeak bere bigarren diskoa plazaratu eban orduan eta Ramones taldea mundu mailako fenomeno bihurtu zan.

Orduan ailegau ziran The Only Ones, CBS diskoetxearen eskutik. 1977an 'Lovers of Today' singlea grabau eben. Urtebete geroago, taldearen abestirik arrakastatsuena plazaratu eben: 'Another Girl, Another Planet'. Handik hilabete batzuetara, taldearen lehenengo disko luzea argitaratu zan. Orain, XXI. mendean, taldea barriro alkartu da kontzertu batzuk eskaintzeko.


Buzzcocks

Martiaren 5ean Manchester (Ingalaterra) uriko Buzzcocks talde mitikoa izango da Bilboko Kafe Antzokian, 'Another Bites' izeneko birearen barruan bere lehen hiru diskoetako abestiak joteko.

Oraintsu, taldearen lehenengo hiru diskoak berrargitaratu dira: 'Another Music in a Different Kitchen' (1978), 'Love Bites' (1978) eta 'A Different Kind of Tension' (1979). Diskoak bersino bikotxean datoz, hau da, jatorrizko diskoez gain, demoak, zuzeneko abestiak eta John Peel irrati esatariagaz egindako saioak batzen dituan diskoak be merkaduratu ditue, aurretik argitaratu bakoak. Berrargitarapen horreen ardurea EMI diskoetxeak hartu dau.

Buzzcocks taldea Ingalaterrako punk rock taldea da, 1970eko hamarkadearen erdialdean sortua. Adituen ustez, historiako lehenengo punk pop taldea izan zan Ramones-egaz batera, Velvet Underground, The Who, Stooges edo The Troggs moduko taldeen eraginpean sortua eta baita 1960ko hamarkadako garage eta beat doinuen eragina be igarten jakena.


Stiff Little Fingers

Azkenik, martiaren 12an, lehenengoz izango da Bilbon Stiff Little Fingers talde irlandarra. Belfast urian sortu zan taldeak The Vibrators bandearen abesti batetatik hartu eban izena eta The Damned moduko beste talde batzuek izan ditu inspirazino-iturri.

Melodia ederrak egiteko trebeziak eta baita inteligentziaz beteriko testu eta letrak egiteko gaitasunak bultzatuta, laster egin ziran ezagun. Sasoi hareetan Irlandak bizi eban egoerearen ganean berba egiten eben.

Geroztik, taldeak mundo osoan zehar hainbat bira egin ditu, Ameriketako Estadu Batuetan, Kanadan eta Europan, berbarako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu