Danetara 29.835 ikasle ditue HABEren euskaltegiek

Bizkaie! 2008-12-01 10:31   Euskerea berbagai

2000. urteaz geroztik, inoizko ikasle kopururik handienak emon dau izena 2008/2009 ikasturte honetan HABEren 107 euskaltegietan euskerea ikasteko. Igazko ikasturteagaz alderatuta % 5,8ko igoera izan da.

2000. urteaz geroztik, inoizko ikasle kopururik handienak emon dau izena ikasturte honetan HABEren 107 euskaltegietan euskerea ikasteko. Danetara, 29.835 ikasle izango ditue, oraingoz, euskaltegi horreetan. Ikasturteak aurrera egin ahala, kopuru hori handitzea espero dabe, aurreko urteetako joereari jarraituta. Arduradunek uste dabe 40.000 lagun inguruk matrikulea egingo dabela.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak aurkeztu ditu datuok Bilbon. 'Datu oso positiboak' dirala dino, igazko ikasturteagaz alderatuta % 5,8ko igoera izan da eta; hau da, 1.639 ikasle gehiago. Baztarrikak nabarmendu du 30 eta 55 urte bitartekoak dirala ikasle gehienak, eta azken inkesta soziolinguistikoan oinarritutako datuak hartu ditu kontuan hori arrazoitzeko. Ikerketearen arabera, adin tarte horretako hamarretik lauk ez daki euskeraz, eta ez dabe ulertu be egiten.

Hamasei eta hogeta bost urte bitarteko ikasleak gero eta gitxiago dira, 'izan be, hezkuntza sistemeak bermatzen dau gazteek euskerea ikastea'. Halanda be, ikasturte honetan, hamar lagunetik bik ditue 25 urte baino gitxiago, hau da, 8.000 lagunek.

Ikasleriaren lanbide profilari jagokonez, HABEko arduradunek nabarmendu dabe hainbat sektoretako jentea matrikulau dala, ez bakarrik administrazino arloko langileak. Hori dala eta, Baztarrikaren esanetan, 'lanpostua lortzeko balorazinoagaitik baino gehiagogaitik joten dau jenteak euskaltegietara'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu