EiTBk eta EHUk 'Der Kaiser von Atlantis' operea eskainiko dabe
2008-11-18 13:20 MusikeaEuskaltelen eta Innobasqueren babesagaz, Viktor Ullmannen 'Der Kaiser von Atlantis' (Atlantidaren enperadorea) operea Euskadi Irratiak antolatutako 'Sormenaren gaua' ekitaldiaren bigarren edizinoan eskainiko da zemendiaren 20an, eguena, 19:00etan eta 22:00etan EiTBren egoitzan, Bilbon. Sarrerak eitbinfo@eitb.com helbidera mezu bat bialduta lor daitekez, doban.
EiTBk eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU), Euskaltelen eta Innobasqueren babesagaz, Viktor Ullmannen 'Der Kaiser von Atlantis' (Atlantidaren enperadorea) operea eskainiko dabe eguenean, zemendiak 20, Euskadi Irratiak antolatutako 'Sormenaren gaua' ekitaldiaren bigarren edizinoan. Operearen emonaldi bi egongo dira EiTBren egoitzan, Bilbon: 19:00etan eta 22:00etan. Sarrerea dobakoa izango da eta gonbidapenak EiTBren eitbinfo@eitb.com helbidean eskatu behar dira, ostean EHUren Larrako Etxeako egoitzan (Bilbo) jasoteko.
'Atlantidaren enperadorea' nazismoaren izaera eta giza bizitzaren balore urrien ganeko alegoria da. Egilea Viktor Ullmann (1898-1944) da, Auschwitz kontzentrazino-eremuan gaseztaturik hil zan konpositore judua. Opera hau Txekiako Terezin igarotze-eremuan egoala idatzi eban, baina ezin izan zan estreinau 1975era arte.
Egueneko saioen musika zuzendaria Andrea Cazzaniga izango da, eta zuzendari artistikoa Josu Rekalde EHUko Arte Ederren Fakultateko katedraduna. Zazpi kantarik (Xabier Mendoza Oliva baritonoak, Ana Otxoa sopranoak, Ralf Grobe baxuak, Alberto Nuñez Baracaldo tenoreak eta Ana Häsler sopranoak), besteak beste, eta Ensamble Kuraia taldeko 13 musikarik parte hartuko dabe operan. Eszenografian, Josu Rekalderen zuzendaritzapean, Ikuskizunaren Arte eta Zientziak izeneko masterreko zazpi ikaslek lan egin dabe.
Enrique Azurza EHUko Koroaren zuzendaria ahots koralen zuzendaria da; Jorge Horno koreografiaren arduraduna eta Marta Gutierrez jantziena. Eszenografia eta atrezzoa Elias Martinez de Lecearen ardurea izan da, eszenatokiko mobimentuaz Ricardo Bamaca arduratu da eta eszenarako bideoaz Jose Felix Gonzalez. Errejidorea Ana Carreira izan da, eta obraren produkzinoa Patxi Azpillagak eta Maider Urrutiak egin dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!