Vuela Bonita taldeak emongo deutso hasierea Zirkuitoaren udagoieneko antzerki-denporaldiari
2008-10-02 14:57 KultureaZemendia amaitu arte, bederatzi antzerki-emonaldi eskainiko dira Bilboko auzo desbardinetan, Arte Eszenikoei zuzendutako Euskadiko antzerki-zirkuitu amateur bakarra osotuz.
Vuela Bonita antzerki-konpainiak hasierea emongo deutso gaur, urriak 2, San Frantziskoko Udaltegian, Zirkuitoa 2008 programearen azken faseari. Zemendia amaitu arte, bederatzi antzerki-emonaldi eskainiko dira Bilboko auzo desbardinetan, Arte Eszenikoei zuzendutako Euskadiko antzerki-zirkuitu amateur bakarra osotuz. Antzezlan guztiak 19:30etan taularatuko dira, sarrerea dobakoa dalarik (ezinbestekoa da gonbidapena aldez aurretik jasotea kasuan kasuko udaltegian). 'Berezia naiz' da Vuelta Bonita antzerki taldeak aurkeztuko dauen lanaren izenburua. Protagonistak, personaiak dauen umorezko ames baten bidez, ilargirako bidaia baten istorioa kontetan deusku, bere ariman eta desioetan barrena.
Datozen asteotan San Frantzisko, Begoña, Deustu, Otxarkoaga eta San Inazioko udaltegietara inguratzen diranek bertako zortzi antzerki-talde honeen lana ikusteko aukerea izango dabe: Vuela Bonita, Cuerpo Escena, Zaragata, ¡Katastrofen!, Plataforma Itinerante, Y la Casa sin Barrer eta Apurka Antzerki Taldea.
'Zirkuitoa' da Euskadin Arte Eszenikoei zuzenduta antolatzen dan antzerki amateurreko zirkuitu bakarra. 2007ko edizinoan 1.700 ikusle erakarri zituan, eta 2001 urtean abiatu zanetik, 16.000 lagun inguru batu ditu. Azken zazpi urteotan, ehun ikuskizun baino gehiago taularatu dira talde amateurren eskutik, 150 emonaldi baino gehiago antolatu diralarik. 2008ko edizinoan, 24 antzerki-talde amateurrek parte hartu dabe (igaz 16 izan ziran), eta antzezpen kopurua 25etik 29era handitu da.
Programazinoak sei hilebete iraun dau, bina hilebeteko hiru programatan banatuta: zezeila-martia, apirila-maiatza eta urria-zemendia. Eszenatoki kopurua be handitu da, eta Deustu, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko eta Abandoko agertokiei, San Inazio eta Errekaldeko udaltegiak gaineratu jakez.
Zirkuitoa — Urriko eta zemendiko egitaraua
Urriak 2: ‘Soy especial’. Vuela Bonita (San Frantzisko).
Urriak 16: ‘Cuadros insólitos’. Cuerpo Escena (Begoña).
Urriak 29: ‘La ruleta’. Zaragata (Deustu).
Urriak 30: ‘Soy especial’. Vuela Bonita (Otxarkoaga).
Zemendiak 12: ‘El exilio de tus seres de PVC’. ¡Katastrofen! (Deustu).
Zemendiak 13: ‘La teoría del ser de hojalata’. Plataforma Itinerante Cía. Evítame y Demás (San Frantzisko).
Zemendiak 20: ‘Han izanik, hona naiz’. Apurka Antzerki Taldea (Begoña).
Zemendiak 26: ‘Han izanik, hona naiz’. Apurka Antzerki Taldea (San Inazio).
Zemendiak 27: ‘Gallinas volar’. Y la Casa sin Barrer (Otxarkoaga).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!