Zibergerrea, gerra modernoa

Gotzon Plaza Informatikoa 2008-09-09 15:04

Gerren istorian eta estrategietan aldaketak izan dirala esan geinke. 'Ohiko' gerretan, etsaiaren lurraldea okupau ezkero, gerrea amaitutzat emoten zan. Gerra modernoetan, etsaiaren antolakuntza sistema guztiak (ekonomikoak, osansun sistemak, komunikazinoak, administrazinoak) apurtzen dira.

Pelikuletan sarritan ikusi dogu: ordenagailuek egiten dabe gizakion 'lana' eta, azkenean, eurek hartzen dabe agintea arlo guztietan. Jakina, pelikulea baino ez da. Baina itxurakeria horrek badauka zuztar txikiren bat errealidadean. Ikusi daigun.

XX. mendeko gerrak 'gerra moderno' legez ezagutzen dira. Modernoak inoiz baino elementu mekaniko, elektroniko eta teknologiko gehiago erabili izan diralako. Lehenengo Mundu Gerra hasi eta aurrerantzean gero eta nabarmenagoa izan da teknologiaren menpokotasuna etsaia menderatzeko; hegazkinik, tankerik, armarik garatuenak zituen aldeak irabazten eban. Zer esanik ez Bigarren Gerratea kontuan izaten badogu. Lehenago, guduak armaden arteko burruketan baino ez ziran oinarritzen. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, burrukeak bere garrantzia izan arren, gerrak beste arlo batzuetara zabaltzen dira. Arlo horreetan, elektronikeak indar handia dauka, batez be komunikazinoen arloan. Sateliteak be hor dagoz, saltsan sartuta.

Eta orain beste garai batean sartzen gabiz: Internet eta datu sareen garaian. Gobernuek (eta armada desbardinek be) gero eta menpekotasun handiagoa daukie horrelako teknologiakaz. Komunikazino sistema sistema elektronikoak dira eta hori puntu estrategikoa da edozein gerratan.

Gerren istorian eta estrategietan aldaketak izan dirala esan geinke. 'Ohiko' gerretan, etsaiaren lurraldea okupau ezkero, gerrea amaitutzat emoten zan. Etsaiari ahalik eta gehien eragitea zan beste helburu bat. Halanda be, geroxeago, ez ziran hildakoak kontuan hartzen, zaurituak baino: hildako bat beste soldadu edo gudari batez ordezkatu leike, baina zaurituak eragin handiagoak daukaz, alde psikologikoak, gastu gehiago (ospitalea eta errekuperazinoa) eta lan gehiago zauritu hori frontetik atzeko aldera eroateko, berbarako. Eta guda modernoetan, etsaiaren antolakuntza sistema guztiak (ekonomikoak, osansun sistemak, komunikazinoak, administrazinoak) apurtzen dira. Etsaiaren sistema guztiak blokeau ezkero, herrialdea geldiarazoten da. Hori da egungo teoria.

Egunkari eta telebistetara heldu jakun azken gudua Errusia eta Georgiaren artekoa izan da (ez da dagoan bakarra, baina bai aspaldian gehien entzuten dana). Bien arteko armaden konparazinorik ezin leike egin, Errusiak askozaz handiagoa, boteretsuagoa eta indartsuagoa daukalako. Georgiakoa negargarria da Errusiako edozein armadagaz konparau ezkero. Baina gerrak, guda-zelaiez gan, hainbat lekutan irabaz daitekez, propagandea eta informazinoak ondo erabilita kasurako. Horretan oinarrituta, Georgiako gobernuko bozeroaleek salatu dabe errusiar hackerrek Georgiako gobernuko webgune ofizialak suntsitu dituela.

Georgiar presidente Mijail Saakashvili eta Hitler-en arteko fotomontaia preparau eta Georgiako Banku Nazionaleko webgunean jarri ei dabe. Presidentearen webgunea be blokeauta egon zan eta Kanpo Arazoetako Ministeritzako orriek be arazoak izan ditue. Erasook egiteko, hasieran zerbitzari amerikarrak erabili izan dira baina, aurrerantzean, errusiarrak.

Dana dala, aditu batzuren ustetan, ezin leiteke esan Errusiako gobernua horren atzean dagoanik, izan be, 'erasoak nahiko sinpleak izan dira'. Ganera, 'Georgiako administrazinoan Internet bidez egiten diran komunikazinoak ez dira horren garrantzitsuak'.

Baina zibererasoak ez dira ez gaurko kontua. Hor dagoz igaz Estoniako eta Lituaniako gobernuek egindako salaketak: errusiar hackerrek (Errusiako gobernuak diruz lagundutakoak) euren sistema elektronikoak suntsitu zituela. Herrialde horreen eta Errusairen arteko hartu-emonak ez dira bape onak.

Zibererasoak izan ezkero, hainbat herrialde larrialdi sasoian sar daitekez. Duda barik, eraso mueta horreek izango dira hurrengo urteetako gerra guztien ardatz. Armada askoren barruan seguru hackerrak dagozala, soldaduak guda-zelaietan dagozan bitartean, eurak ordenagailuaren aurrean dagoz. Hara ze etorkizuna!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu