'Euskeraz Erostea Eskubide Goxoa! 2008' kanpainea jarri dabe martxan Gernika-Lumon
2008-06-30 12:19 Euskerea berbagaiEkimenaren helburuak udalerriko merkataritzea eta euskerearen erabilerearen normalizazinoa buztartzea eta sustatzea dira. kanpaineak irauten dauen bitartean, 30 enpresa txikik eta 120 dendari eta tabernarik liburuxkak eta Gernika-Lumoko gozokigileek egindako napolitana goxoak eskainiko ditue.
Gernika-Lumoko Udalak 'Euskeraz Erostea Eskubide Goxoa! 2008' izeneko kanpainea jarri dau martxan gaur, bagilak 30, udalerriko merkataritzea eta euskerearen erabilerearen normalizazinoa buztartzeko eta sustatzeko. Ekimenaren bidez, herrian erosketak egiteko orduan kontsumitzaileei euskereak dauen garrantzia jakinarazo gura jake.
'Euskeraz Erostea Eskubide Goxoa! 2008' garagarrilaren 5era bitartean egingo da. Azken egunean, Gernika-Lumoko azokan giro berezia izango da, 600 mermelada botetxo eta udalerriko sei gozotegik egindako 'txu-txuak' opari moduan banatuko diralako. Hori guztia nekazaritza ekologikoagaz konpromisoa mantentzeko asmoz antolatu dabe. Tradizinoa eta modernidadea alkartzen dira bertoko produktuen, nekazaritza ekologiko eta merkataritzearen bidez.
Udal gernikarreko arduradunen arabera, herrian euskerearen aldeko sentsibilizazinoa zabaldu nahi da, bai merkatariena bai kontsumitzaileena. Euskera Arloko zinegotzi Idoia Fernández-ek esan dauenez, 'kanpainearen helburua euskera komunikazinoaren baliabide modernoa, bizia eta gaurkoa ikustea da, antxinako zuztarrak ahaztu barik'.
Bestalde, sei eguneko kanpaineak irauten dauen bitartean, 30 enpresa txikik eta 120 dendari eta tabernarik liburuxkak eta Gernika-Lumoko gozokigileek egindako napolitana goxoak eskainiko ditue. Ganera, SMS edo mezu laburrak bialduko dira Kontsumitzailearen Legeari aitamen eginaz, erosleari Legearen barri emoteko eta salerosketetan bere hizkuntz eskubideez jaube daiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!