Bilboko IX. Kalealdia garagarrilaren lehen hamabostaldian

Bizkaie! 2008-06-25 15:54   kulturbiz

Hollywood Bilbon! Gaur arratsaldean, garagarrilak 1, 18:00etan, Bilboko Kalealdiari hasierea emongo jako Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiko Jauregiaren aurrealdean. Hemen ‘Rodando Grease’ ikuskizunagaz gozetako aukerea izango dogu 30 personaiakaz, (antzezleak, kantariak, dantzariak), bi protagonista nagusik, John Travolta eta Olivia Newton-Johnek, ‘bilbotar erara’ musikal mitikoaren egokitzapen bategaz txundituko gaituelarik. Sarrera honen ondoren, ‘Izarren Kale Nagusia’ Hollywood Boulevard bihurtuko da zinemako izarrakaz, film mitikoakaz, kaleko errodajeakaz, zuzeneko musikeagaz… bi egun (1 eta 2) Bilbo erdian Hollywoodeko magia guztiagaz.

Bilboko Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren IX. edizinoak kale-kantoiak eszenatoki bihurtzera ohituta dagozan nazinoarteko artistak batuko ditu ostera be garagarrilaren lehen hamabostaldian. Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honetako ohitureari jarraituz, emonaldiak Kale Nagusiko oinezko eremuan egingo dira garagarrilaren lehen hamabostaldian, eta bigarrenean, ikuskizunak Zazpi Kaleetako plazetan antzeztuko dira.


Izarren Kale Nagusia

Kalealdiaren lehen zatian, zinemako unerik gogoangarrienetako batzuk errekreauko ditue, Charlot 'Urrearen kimera'-n, Gene Kelly 'Euripean kantari'-n, Bogart 'Casablanca'-n, Groucho Marx, Marilyn, Rita Hayworth, Fred Astaire-Ginger Rogers bikotea, Audrey Hepburn, Superman eta 'Izarretako gerra'-ko protagonistak tarteko dirala. Horreek guztiek, Kale Nagusiko oinezkoentzako tartean batuta, eszenarik ezagunenak interpretauko ditue.

Antzezpen horreekaz batera, bertaratutakoek 'Grease' filmeko eszenarik ezagunenak ikusi ahal izango ditue Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean. Bilboko hogeita hamarren bat antzezlek jardungo dabe John Travolta eta Olivia Newton-John-en 1978ko musikalaren antzezpen honetan, baina oraingoan, kantuak eta hitzak Botxoko errealidadera egokituta entzungo dira. 'Filmetako uneak' eta 'Grease filmetan' Jaialdiaren produkzinoak dira, Kalealdirako propio sortu eta bertoko profesionalek egindakoak.

Bestalde, Kalealdiaren lehen zati honetan Kale Nagusia partekatuko dauen Clownx Teatre konpainia katalanaren proposamena erabat bestelakoa izango da, baina zinema munduari lotutakoa hau be. Kasu honetan, joan dan mendeko 20ko hamarkadako Urte Zoriontsuak dira aukeratutako giroa, eta ondorioz, antzezleak sasoi haretako automobil batean, biserak eta bonbatxo prakak jantzita, biraderazko kamerak aldean daroezala eta zinema mutuko zuzendariak identifikarazoten zituen megafonoak erabiliz azalduko dira jentaurrean. 'Actiooon!!!' izenburuko muntaia honen asmoa publikoagazko konplizidadea eta alkarlana sustatzea da, ikusleen artean bilatuko dituelako hurrengo pelikularako protagonistak.

Hiru antzerki-talde horreez gan, Kale Nagusiko oinezko esparruak oso animazino berezia izango dau Bilboko Kalealdiaren hasierako bi egunetan: Dixie banda batek horixe da New Orleans-eko jazz klasiko bereizgarriaeremua alderik alde zeharkatuko dau jenteak ondo ezagutzen dituan soinu-banda klasikoak eskainiz. Pixie & Dixie Band osotzen daben bederatzi musikariak saxoa, klarinetea, tronboia eta tronpetea buztartzen dituen Brass bands dalakoen soinuaz liluratuta bizi dira.

Zuzeneko ekitaldi horreez guztiez gan, 'Izarren Kale Nagusia'-n batutakoek pantailako mitorik handienetako batzuekaz erretratetako aukerea izango dabe. Danetara, tamaina naturaleko 15 zilueta jarriko ditue kalean zehar, zinema klasikoko personaiak ('Ozeko aztia' filmeko Dorothy, Marilyn Monroe edo El Zorro), 70eko eta 80ko hamarkadetako heroi eta bilauak ('Izarretako Gerra' filmeko Dar Vader eta C3PO eta R2D2 errobotak, Rocky Balboa, Superman, Terminator) edota oraintsukoagoak diran personaia arrakastatsuak (Lara Croft, Austin Powers eta bere arerio anker Evil Doktorea, 'Eraztunen Jauna' sagako Gandalf eta Gollum, 'Karibeko piratak' filmeko Jack Sparrow kapitaina eta Davy Jones bilaua) buztartuz.


Antzerkiaren zazpi kaleak


Ohiko usadioari jarraituz, garagarrilaren bigarren hamabostaldian, Zazpi Kaleek txandea hartuko deutse Kale Nagusiari. Antzezleen jardunagaz batera, musika, dantza, zirkuko teknikak eta umorea dira konpainia honeek jentearen arreta, konplizidadea eta alkarlana erakarteko erabilten dituen baliabide nagusiak.

Garagarrilaren 8, 9 eta 10ean, 15 antzerki-taldek 27 emonaldi eskainiko ditue danetara Bizkaiko uriburuko alde zaharreko kale eta plazetan. Muntaia batzuk auzoko plaza nagusietan (Santiago, Unamuno, Arriaga, Zamudioko Atea eta Plaza Barrian) eta era ibiltari batean bertako kale-kantoietan zehar taularatuko dira. Emonaldiak bata bestearen ondoan antolatu dira, eta batzuetan aldi berean eskainiko dira arratsaldeko seietatik gaueko hamaikak arte.

Antzerkiaren Zazpi Kaleen edizino honetan parte hartuko daben euskal konpainien artean, honakoak nabarmendu behar dira: Organik (Bilboko Kalealdia eta beste kale-jaialdi batzuen arteko alkarlanaren emoitzea), Gaitzerdi (Leioako Umore Azokearen azken edizinoan Euskadiko kale-ikuskizun onenarentzako saria jaso dauena) eta Markeliñe. Hiru euskal talde honeek arduratuko dira eguneko jardunari amaierea emoteaz Arriaga plazan, 22:00etan, Organiken 'Malditas' antzezlanagaz martitzenean, Gaitzerdiren 'Otsoko'-gaz eguaztenean eta Markeliñeren 'Terapia?'-gaz eguenean.

Nazinoarteko taldeen partaidetzeari jagokonez, Les Apostrophés konpainia frantsesaren 'Passage Desemboite' ikuskizuna azpimarratu behar da. Taldeak 12 urteko ibilbide artistikoa dauka, eta zirkuan eta kale-arteetan diharduen konpainia garaikidetzat joten dau bere burua. Malabarismoa, dantza garaikidea, antzerkia edota musika alorretako artistak batzen ditu, eta gorputz-adierazpenetik eta ohiko objektuen manipulazinotik abiatzen da inprobisazinoa lantzeko asmoz.

Horreekaz batera, beste 11 konpainia be taularatuko dira: Trapu Zaharra, De Bote EnBote, Circo Imprevisto, Malas Compañías, Ganso, La Guasa, Adrian Schuarzstein, Chabatz D’Entrar, La Tal+Leandre, Vagalume eta Amaia Pascual. Era guztietako ikuskizun bitxi eta apartak eskainiko ditue, egunerokoa eten eta kalean ezustekoagaz topo egitea gustuko dabenen mesedetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu