Bartzelona, Valentzia eta Madrilgo unibersidadeek euskera eta euskal kulturearen ikastaroak emoten jarraituko dabe

Bizkaie! 2008-06-17 19:33   Euskerea berbagai

Ikastaro honeek Amerika eta Europako beste hainbat unibersidadetan Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen diran modukoak dira, eta sortzear dan Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidetik doaz.

Kultura sailburuaren proposamenaren harira, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Bartzelonako Unibersidade Autonomoan, Valentziako Unibersidadean eta Madrilgo Unibersidade Konplutensean euskera eta euskal kulturearen ezaguera sustatzeko indarrean diran hitzarmenei jarraipena emoteko baimena emon deutso Kultura Sailari. Hitzarmen horien bitartez jarraipena emongo jake hiru unibersidadeetan eskaintzen diran euskera eta euskal kulturearen ikastaroei.


Ikastaro honeek Amerika eta Europako beste hainbat unibersidadetan Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen diran modukoak dira, eta sortzear dan Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidetik doaz. Holan, joan dan legealdian hasita, dagoeneko 13 herrialdetako 27 unibersidadetan eskaintzen dira ikastaro honeek.


Era berean, Eusko Jaurlaritzeak -HABEren bitartez- abian dauka Euskal Herritik kanpo helduentzako emoten diran euskera eskolen garapenerako ‘Euskara-eskolak munduan’ egitasmoa, eta horren barruan Espainiako hainbat uriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europako (Paris, Londres, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako uri eta herri desbardinetan (Uruguai, Txile, Mexiko eta AEBetako Unibersidadeetan eta Argentina, Uruguai, Txile, Venezuela, Mexiko eta AEBetako 80 herritan) helduentzako emoten diran euskera eskolak arautu eta garatu dira.


Horretarako, irakasleen trebakuntzeari aparteko garrantzia eskaini jako eta eskola horreek materialez hornidu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu