Eusko Jaurlaritzeak abesti bat sortu dau euskerea sustatzeko ‘Pixka bat es mucho’ kanpainearen barruan

Bizkaie! 2008-06-06 10:48   Euskerea berbagai

Kanpainearen helburua euskerearen erabilerea eta normalizazinoa sustatzea da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak iragarri dauenez.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Ukan 2008 kanpainea eta berenberegi sortutako 'Pixka bat es mucho' kantea aurkeztu ditu Donostian. Kanpainearen helburua euskerearen erabilerea eta normalizazinoa sustatzea da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak iragarri dauenez.


Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearen esanetan, euskerea ‘hurrekoa, atsegina eta abegitsua’ dala helarazo nahi da ‘mezu zuzen, erraz eta gaur egungo komunikazino euskarri erakargarrien bitartez’.


Modu honetan, aurtengo kanpainearen barruan sorturiko abestiaren bideoklipa be egin dabe. Kantuaren berbak ‘Pixka bat es mucho’ goiburuaren esanahiaren ingurukoak dira, eta musika ‘freskoa, gogoratzeko eta abesteko erraza eta kutsakorra’ da.


Baztarrikak azaldu dauenez, ‘irribarrez eta Interneten laguntzinoagaz jenteak euskeraz abestea eta jantzan egitea ahalbidetu gura izan da, gizartea euskerara gehiago hurreratzeko asmoz’. Horretarako, hedabideen eta www.pixkabatesmucho.com webgunearen bidez emongo da ezagutzera kantua.


Hizkuntza sailburuordeak esan dau euskal herritar guztiek abestia ezagutzea eta abestea espero dauela, euskaldunak izan edo ez izan eta beste eskualderen batean bizi arren. Gainera, kantua zabaltzeko aurkezpenak egingo dirala, ikuskizunetan agertuko dala eta berbena edo tabernetan entzungo dala azaldu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu