Ibilaldia´08 ate-joka dago
2008-05-19 15:04 Euskerea berbagaiEgun gitxi falta dira aurtengo Ibilaldirako. Astebete be ez. Aurten, Zornotzako Andra Mari Ikastoleak dauka Bizkaiko Ikastolen Jaia antolatzeko ardurea eta 'Amore bi eta...' lelopean egingo dau maiatzaren 25ean. Ataratako etekinak bigarren lerroa zabaltzeko erabiliko dira.
Egun gitxi falta dira aurtengo Ibilaldirako. Astebete be ez. Aurten, Zornotzako Andra Mari Ikastoleak dauka Bizkaiko Ikastolen Jaia antolatzeko ardurea eta 'Amore bi eta...' lelopean egingo dau maiatzaren 25ean. Ataratako etekinak bigarren lerroa zabaltzeko erabiliko dira. Horren eta beste hainbat konturen ganean gaur Bilbon eskainitako prentsaurrekoan berba egin dabe ikastolako presidente Itxaso Gerediagak, Ibilaldia´08ko koordinatzaile Oihana Zuberok eta Bizkaiko Ikastolen Alkarteko presidente Juan Carlos Gomezek.
'Sei gune nagusi eta lau berezi diseinau doguz 6.300 metroko ibilbidean. Programa parte-hartzailea antolatu dogu, adin guztietako jenteari zuzendutakoa eta gune danetan egongo da danetarik, laugarren gunean berenberegi gazteei zuzendutakoa izan arren', azaldu dau Zuberok. Musikea, tailerrak, puzgarriak, jolasak, kale animazinoa... Jai giroa izango da nagusi Zornotzan, eguraldiak laguntzen dauen heinean. Holan, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita eta Xabier Paya bertsolariak; Etsaiak, Deskontrol, Exum eta Nuuk-At musika taldeak; edota Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen antzerkia izango dira, besteak beste.
Euskal Herrian, jaietan jatekoak tarte berezia izaten dau eta holan izango da Ibilaldian be. 'Horretarako, gune berezi bat preparau dogu eta, berban, taloa, txorizoa, txakolina, sagardaoa, ardoa... probetako aukerea izango da', dino Zuberok. Ganera, bazkari herrikoi bat be egingo da.
Gerediaga presidenteak deialdi bereziak egin ditu eguna primeran pasetako: ingurunea garbi mantentzea; garraio publikoa erabiltea; gazteek ondo pasetea baina pasau barik; eta, zelan ez, euskeraz berba egitea eta, azpimarratu dauen moduan, 'euskeraz biziteko'.
Omenaldia
1997tik hona, Bizkaiko Ikastolen Alkarteak omenaldia antolatu izan dau urtero gizarteko hainbat arlotan euskerearen eta euskal kulturearen zabalkundearen alde lanean ibili diran lagunei ondo merezidutako gorazarrea egiteko.
Ikerketea, kirola, enpresea, zuzenbidea, onomastikea eta toponimia, antzerkia, zinema, jantzea, mendia eta beste hainbat arlotako personak omendu izan dira orain arte. Aurten, kantagintzea omenduko dabe, arlo horretan lanean ibili diran personak eta alkarteak. Bertan izango dira, besteak beste, Pantxoa eta Peio edota Amaia Zubiria. Ekitaldia 11:30ean izango da Zelaieta Zentroan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!