Bilboko Artelan Berreginen Museoak makinatxu bat ekitaldi dakarz Museoen Nazinoarteko Egunerako
2008-05-15 15:58 kulturbizEgun berezi horretan Mariaren Bihotza Eleizara inguratzen diran guztiek Museoa doban bisitau eta familia osoarentzako ikuskizunez gozetako aukerea izango dabe.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau domekan, hilak 18, bisitak, tailerrak, musika eta antzerkia buztartzen dituan ekitaldi-sorta baten bidez. Egun berezi horretan Mariaren Bihotza Eleizara inguratzen diran guztiek Museoa doban bisitau eta familia osoarentzako ikuskizunez gozetako aukerea izango dabe.
Museoa 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Egitarauari hasierea emonez, bisita gidatu bat egingo da Museoan eta San Frantziskoko komentuko aurrietan zehar, Mariaren Bihotza Plazan, Museotik oso hur. XV. mendeko frantziskotar komentu horren aztarnetatik abiatuta, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe zelan sortu zan San Frantzisko auzo jentetsua, bai eta Museoa kokatuta dagoan Mariaren Bihotza eleizea bera be.
Era berean, 10:30etan, 6 eta 8 urte bitarteko neska-mutilentzako bisita gidatua egingo da, eta bildumako artelanak ikusteko antolatuko dan ibilaldiaren amaieran, txikienek euren sormen artistikoa frogatu ahal izango dabe tailer batean.
Umeentzako jarduerakaz aurrera eginaz, 12:00etan kontzertu didaktikoa eskainiko dau Opera Divertimento taldeak. Ikuskizun honetan, Ana Isabel Salomón sopranoak, Andoni Barañano tenoreak eta Mario Lerena piano-jotzaileak, Iraide Urkiaga eta Aitor Pérez antzezleakaz batera, errepaso jostagarria egingo deutsee operako doinurik ezagunenei, umeak musika-genero honegaz zaletzeko asmoz.
Arratsaldeko jarduerak, Museoko gelak eta San Frantziskoko komentuko aurriak ikusteko bisita gidatu batez hasiko dira 16:00etan. Egitaraua ‘El código Atenea’ bakarrizketa barregarriaz osotuko da, bi emonalditan: lehenengoa 17:30etan eta bigarrena 18:30etan. 20 minutu inguruko ikuskizun honek Greziako mitoen berrikusketa jostagarria eskaintzen dau. Muntaiaren egile eta antzezle Eguzki Zubiak egungo pentsamendua eta Greziako mitologiako erispide moral eta ideologikoak jarten ditu aurrez aurre, era satiriko batez, hain zuzen. Amaitzeko, arratsaldeko zazpi t’erdietan, Museoa eta aurriak bisitetako beste aukera bat izango da.
Bilboko Artelan Berreginen Museoak igazko zemendian zabaldu zituan barriro ateak Mariaren Bihotza eleiza zaharrean dauen oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuan dagoan museorik aspaldikoenetakoa da. Orain 80 urte sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta. Museoen Nazinoarteko Egunaren ospakizuna aukera ezin hobea izan daiteke museoa bisitau eta bertan antolatu diran jarduerez gozetako.
BERREGINEN MUSEOA
Mariaren Bihotza Eleiza
San Frantzisko, 14 BILBO
www.bilbokoberreginenmuseoa.org
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!