HABEk eta EHUk lankidetza-hitzarmena sinatu dabe liburutegien arteko loturea indartzeko

Bizkaie! 2008-04-15 12:24   Euskerea berbagai

Liburutegien arteko maileguak egiteko, HABEren liburutegiko katalogoa EHUko katalogo kolektiboan sartzeko eta liburuen erosketak eta argitalpenen harpidetzak koordinetako aukerea emongo dau akordioak.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak (HABE) eta Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dabe unibersidadeko ikasle, irakasle eta ikertzaileek HABEren liburutegiaren funtsak eta baliabideak hobeto erabilteko helburuagaz. Liburutegien arteko maileguak egiteko, HABEren liburutegiko katalogoa EHUko katalogo kolektiboan sartzeko eta liburuen erosketak eta argitalpenen harpidetzak koordinetako aukerea emongo dau akordioak.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko erretoreak sinatu dabe hitzarmena. 'Bibliotekan, hizkuntzen didaktikan eta hizkuntzalaritza aplikatuan interesauta dagozan irakasleen eta ikasleen arteko loturea sendotu gura dau akordioak', jakinarazo dabe.

Horrezaz ganera, HABEren ondareei 'etekin handiagoa' atara gura jake hitzarmenaren bitartez, 'eleaniztasunaren ganeko Europako handienetakoa' dalako. Modu horretan, informazinoa unibersidadeko ikertzaileei, ikasleei eta irakasleei hurreratuko jake, Azkaratek adierazo dauenez.

Kultura sailburuaren esanetan, 'gizartean, hizkuntzen inguruan azken urteotan erabateko eretxi-aldaketea izan da'. Aldaketa horren ondorioz, 'beharrizan barriak sortu dira, herritar guztiek, ama hizkuntzeaz gan, etorkizunean beste hizkuntza bat ikasi beharko dabela adierazoten dabenak'.

Kontuak kontu, azken bi belaunaldiotan, 'eleaniztasunaren inguruko alderdi guztietan argitaratu dan nazinoarteko dokumentazio garrantzitsuena' batu, katalogau eta herritarren eskura jarri dau HABEk. Izan be, '35.000 liburuki eta 600 aldizkari baino gehiago eta hainbat dokumentu DVD, CD eta beste hainbat euskarritan' ditu HABEk.

HABEren eta EHUren arteko hitzarmenaren ardatzei esker, liburutegien arteko maileguak egiteko, HABEren liburutegiko katalogoa EHUko katalogo kolektiboan sartzeko eta liburuen erosketak eta argitalpenen harpidetzak koordinetako aukerea izango da, besteak beste.

Bestalde, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko erretoreak esan dau mueta honetako hitzarmenak sinatu ahal izatea 'aukera bikaina' dala ondare kultural bibliografikoak gordeteko, 'horreek barik aukera asko galduko litzatekezalako unibersidadearen eremuan'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu