Gernikan sei alkarte barrik parte hartu eben 2007an, ‘Geure Berbie Euskeraz’ kanpainan

Bizkaie! 2008-04-01 19:30   Euskerea berbagai

‘Geure Berbie Euskeraz’ kanpainea 2004an abiarazo zan alkarteen arloan eta orduan, 37 izan ziran hitzarmena sinatu ebenak. 2007aren amaieran, barriz, 57 ziran parte-hartzaileak.

Udaleko Euskera sailak plazaratutako txostenaren arabera, gero eta gehiago dira, euskerearen erabilerearen aldeko apustua egin daben udalerriko mueta guztietako alkarteak. ‘Geure Berbie Euskeraz’ kanpainea 2004an abiarazo zan alkarteen arloan eta orduan, 37 izan ziran hitzarmena sinatu ebenak. 2007aren amaieran, barriz, 57 ziran parte-hartzaileak. Euskara saileko zinegotzia dan Idoia Fernándezen eretxiz, ‘orain arte egiten dogun balorazinoa positiboa da, urtetik urtera gehiago diralako euskereagazko konpromisoa hartzen daben alkarteak. Halan da be, alkarteetan, enpresa edo ta saltokietan baino mantsoago emoten da gazteleratik euskerarako aldaketea, kide gehienek borondatez lan egiten dabelako eta denpora gitxiago dabelako euren ekintzak euskeraz garatzeko’.

Euskera sailak kaleratutako ikerketearen arabera, kanpainan parte hartzen daben kultur, kirol, gazte eta musika alkarteetan % 85 zan euskeraren ezagutza 2007aren amaieran. Halan da be, eguneroko ekintzak euskeraz garatzeko baliabideak, berbarako, ordenagailkuko programak, % 19k baino ez zituen. Hizkuntzearen barne-erabilereak, azken urtean apur bat gora egin dauen arren, oraindino urria dala esan daiteke, % 48an kokatzen baita. Alkarteetako kideen arteko komunikazinoa, beraz, elebiduna dala erakusten dau datu honek. Kanpo erabilerea, ostera, altuagoa da, % 72koa, hain zuzen be. Honek adierazoten dauenez, kartelak, dirulaguntza eskabideak edota publizidadea euskeraz kaleratzen dira, neurri handi batean.

Gauzak holan dirala, portzentaje honeek gero eta altuagoak izan daitezan, Gernika-Lumoko Udalak, zenbait zerbitzu eskaintzen deutsez hitzarmenkideei; alde batetik, itzulpenak, hizkuntza aholkularitzea eta online prestakuntzea eta, bestetik, euskera eskoletara joateko eta web orria euskeraz jarteko diru-laguntzinoak.

Azkenik, aurtengo erronkei begira, Euskera sailak, alkarte gastronomikoei luzatuko deutse hitzarmenean parte hartzeko konbita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu