Administrazinoko beharginen % 35ek parte hartuko dabe euskalduntze planean

Bizkaie! 2008-02-08 14:19   Euskerea berbagai

Euskerea administrazinoko beharginen lanerako hizkuntzea izatea da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak aurkeztu barri dauen IV. herri administrazinoetako euskerearen erabilera planaren helburua.

Euskerea administrazinoko beharginen lanerako hizkuntzea izatea da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak aurkeztu barri dauen IV. herri administrazinoetako euskerearen erabilera planaren helburua. ‘Ezagutza eta benetako erabilerea orain arte baino gehiago eta hobeto buztartzen asmau behar dogu plan honetan’ adierazo dau Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Aurreko planean hiztun kopuruaren trinkotasunari emon jakon lehentasuna, euskaldunak batzeari. Baina uste baino gitxiago egin da aurrera erabileran. Administrazinoko beharginen % 35,53k izango dabe planean parte hartzeko aukerea. Planetik kanpo dagoz Hezkuntza Saileko ikastetxeetako, Osakidetzako eta Ertzaintzako langileak.

Hiru erispide edo oinarri izango ditu planak: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, ahalik eta langile gehienen parte hartzea bultzatzea eta parte-hartzaile horreek euskerea lan hizkuntza moduan erabiltea. Diagnostiko bat egin ostean erabagiko ditue planaren helburu zehatzak.

Gaur egun ia-ia hogeita hamalau mila behargin dabilz herri administrazinoan. 2007ko abenduaren 31ko datuen arabera, erdiak baino gehiago, % 57,43 (19.462 behargin) euskal hiztunak dira eta hizkuntz eskakizunen bat egiaztatu dabe. Esangura horretan, euskeraz dakiten beharginen kopurua altua izan arren, gehienen lan hizkuntzea gaztelania da, besteak beste, ohiturak, inertziak, segurtasun ezak, eta egoera soziolinguistikoak eraginda, Patxi Baztarrikaren eretxiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu