REM taldeak apirilean argitaratuko dau disko barria

Bizkaie! 2008-01-04 10:02   Musikea

Taldeak 'Accelerate' izeneko lana Ameriketako Estadu Batuetan baino egun bat lehenago kaleratuko dau Europan. Diskoa Vancouver-en eta Dublinen grabau da, Jacknife Lee produktoreagaz.

REM talde estadubatuarrak apirilean argitaratuko dau Europan 'Accelerate' izeneko disko barria. Ameriketako Estadu Batuetan baino egun bat lehenago kaleratuko dabe, taldekideek jakinarazo dabenez. Michael Stipe buru dauen taldearen 14. estudioko diskoa izango da. Stipek berak ziurtau dau taldeak bere 20 urtetik gorako ibilbidean grabau dauen diskorik 'arinena' dala.

'Accelerate' Vancouver eta Dublinen grabau da, Jacknife Lee produktoreagaz. Lee produktore musikal ezaguna da, Grammy sari bat irabazi dau, U2 edo Green Day lako taldeakaz lan egin dau eta hilabete honetan bertan Bob Dylanegaz lanean hasiko da hurrengo diskoa preparetako.

Taldeak Dublineko Olympia Theatre antzokian 2007ko bagilaren 30etik garagarrilaren 5era bitartean eskainitako kontzertuetan aurreratu zituan diskoan izango diran 16 kanta barrietako batzuk. Emonaldi horreetan jente gitxi egon zan, taldekideek holan eskatuta, disko barrirako lan-ildoen bila egozalako.

'Joan dan udan Dublinen zuzeneko emonaldi batzuk eskaintzea hurrengo diskorako hasiera bikaina izan zan', esan deutso Stipek 'Music News' aldizkariari.

REM taldearen zaleek www.ninetynights.com webgunean topauko dabe disko barriaren aurrerapena iragarten dauen bideo-klip berezia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu