Lekeitioko Udalak eta Bilboko Eleiz Artearen Eleizbarrutiko Museoak hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2008-01-03 16:55   kulturbiz

Akordioaren helburua Bizkaiko Erlijino Ondarearen Hedapen Planaren barruan Lekeitioko herrian dagozan erlijino izaerako ondareak ezagutzera emotea da.

Lekeitioko Udalak eta Bilboko Eleiz Artearen Eleizbarrutiko Museoak hitzarmen bat sinatu dabe, eta horren bitartez, kostaldeko herria Bizkaiko Erlijino Ondarearen Hedapen Planaren partaide izango da, Udal lekeitiarreko iturriek jakinarazo dabenez.

Bi kilometro koadro eskasetan, ondare multzo garrantzitsua batzen dau Lekeitioko herriak. Bizkaiko herri berezienetakoa egiten dauen urigintza osoketatik hasi eta jauregiak, eraikuntza publikoak -udaletxea bera be bai-, eleizak eta azpiegiturak tartean, eta berezko balioa dauen portuaren berezitasuna batzen ditu.

Bilboko Eleiz Artearen Eleizbarrutiko Museoaren eta Lekeitioko Udalaren interes bateratuak lankidetza hitzarmen bat egitera bultzatu ditu biak. Akordioaren helburua Bizkaiko Erlijino Ondarearen Hedapen Planaren barruan Lekeitioko herrian dagozan erlijino izaerako ondareak ezagutzera emotea da.

Hitzarmenak bi norabidetan zuzendutako ekintzak gauzatzea eskatzen dau: ekintza desbardinen bitartez ondareak zuzenean ezagutzera emotea herritarrei (azalpen panelak, herritarrentzako ordutegia zabaltzea, gidatutako bisitaldiak, bisitaldi didaktikoak, audiogidak, liburuak); era berean, Santa Maria eleizea erabiltea era desbardinetako kultur ekintzen egoitza bezela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu