Laurehun eskola-umek parte hartuko dabe ‘Kirol Campusak euskeraz’ ekimenean
2007-12-18 14:26 Euskerea berbagaiKirola, aisialdia eta euskerea batera gozetako helburuagaz, 400 gaztetxuk parte hartuko dabe abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an egingo diran ‘Kirol Campusak euskeraz’ ekimenean
Kirola, aisialdia eta euskerea batera gozetako helburuagaz, 400 gaztetxuk parte hartuko dabe abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an egingo diran ‘Kirol Campusak euskeraz’ ekimenean, hiru kiroletan aritzeko aukerea izango dabelarik: txirrindularitzea Euskaltel-Euskadigaz Derion, saskibaloia Tau Baskoniagaz Gasteizen eta eskubaloia Bidasoagaz Irunen.
'Kirol Campusak euskeraz’ egitasmoaren sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea eta Kirol Zuzendaritzea dira, aitaturiko hiru kirol taldeakaz alkarlanean.
Gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan dau arreta berezia jarten deutsiela gazteen esparruari, ‘gazteek bai eskolan baina baita eskolaz kanpo, aisialdian, euren arteko hartu-emonetan, egoera informaletan euskerea normaltasunez erabili daien lortzeko. Sarritan euskerea eskoleagaz lotzen dabe gaztetxuek eta handik kanpora, bestelako hartu-emonetan hizkuntzea aldatu egiten dabe, ohitura falteagaitik, edo erreferentziak bestelakoak diralako batzuetan. Horregatik nahi dogu kirolaren bitartez euskeraz gozetako egoera eta giroa sortzea, euren gustuko gauzak eginez euskeraz bizi daitezan’, gaineratu dau.
Miguel Madariaga Euskadi Txirrindularitza Fundazionoko presidentea, Carlos Izar Tau Cerámica Baskoniako zuzendari nagusia eta Jose Angel Sodupe, Bidasoa kirol taldearen presidentea izan ditu ondoan Baztarrikak ekimenaren aurkezpenean.
Igazko erantzuna ikusita, aurten hiru campusak bi txandatan egingo dira, ume gehiagok aukerea izan daien campusetan parte hartzeko. EAEko lurralde bakotxean bina egingo dira, lurralde bakotxeko erreferentziako kirol-talde baten eskutik.
Araban, Tau Baskonia taldeagaz batera gazteek saskibaloia egingo dabe Gasteizen; Bizkaian, Euskaltel-Euskadi taldeari esker txirrindularitzan jardungo dabe Derion; eta Gipuzkoan, Bidasoa taldearen bitartez eskubaloia landuko dabe Irunen. Bi txandak abenduaren 26 eta 27an eta urtarrilaren 2 eta 3an izango dira.
Programea 8 eta 11 urte bitarteko gaztetxuei zuzenduta dago; danetara, 400 parte-hartzaile izango dira eta antzeko egitaraua beteko dabe, beti be kirol bakotxera egokituta. Ekintzak era askotakoak izango dira, guztiak euskeraz: kirolaren gaineko teoria (araubidea, bide-hezkuntzea, elikadurea, kirol-kazetaritzea); kirolean jardutea, alderdi praktikoa; aisialdiko jolas-joko-osterak.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu dau gaztetxuek aukerea izango dabela talde bakotxeko ‘kirolari profesionalakaz hartu-emonak izateko eta egun bietan euren bizimodua egiteko’.
Era berean, Baztarrikak eskertu egin deutse hiru kirol taldeei hasieratik ekimenean parte hartzeko erakutsi daben gogo eta jarrera onagaitik. ‘Euren lankidetzea eredugarria da ez bakarrik campusetan parte hartuko daben gaztetxuentzat, baita gizarte osoarentzat be, eta horregaitik guztiz eskertzekoa da euskereagaz hartutako inplikazinoa eta, helburu bera izanik, Eusko Jaurlaritzeagaz alkarlanean jardutea indarrak metatzeko’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!