Herri hizkereari buruzko jardunaldiak Ondarroan
2007-11-28 18:20 Euskerea berbagaiKofradia Zaharrak Herri Hizkerearen bigarren jardunaldiak hartuko ditu zemendiaren 30ean, Ondarroan. Udaleko Euskara Sailak antolatuta eta tokian tokiko euskerearen ahozkotasuna gai nagusi izanik, lau berbaldik osotuko dabe aurtengo egitaraua
Kofradia Zaharrak Herri Hizkerearen bigarren jardunaldiak hartuko ditu zemendiaren 30ean, Ondarroan. Udaleko Euskara Sailak antolatuta eta tokian tokiko euskerearen ahozkotasuna gai nagusi izanik, lau berbaldik osotuko dabe aurtengo egitaraua, joan dan urtean izandako emoitza onagaz jarraitzeko asmoz. Antolatzaileen esanetan, ‘euskerearen normalkuntza eta irakaskunza munduan dabiltzan 25 personatik gora izango dira parte-hartzaileak’.
Jardunaldiak barikuan, goizeko 09:00etan zabalduko dira, dokumentazino jasote eta aurkezpen ofizialagaz Kofradi Zaharrean; eta ordu erdi beranduago lehen emonaldiari hasierea emongo jako Bilboko Labayru Ikastegiko Adolfo Arejita eta Nagore Etxebarriagaz. ‘Bizkaiera eta batua (b)uztarturik’ izenburupeko berbaldian, Bizkaiko lurralde historikoko eta Euskal Herriko beste euskalkietako berba eta esamoduak batzeko aukerea plazaratuko dabe.
Goizeko 10:30etik 11:30era bitartean, barriz, Mendebalde alkarteko Eneko Barrutiak ‘Ahozkotasuna eta herri hizkerea’ landuko ditu.
Eguerditik aurrera, Estepan Plazaolaren txandea izango da, ‘Gehixago eta hobeto’ izeneko programa iraultzailearen barri emoteko. Bergarako Udaleko euskera teknikari danak ‘herriko ahozko euskerea hobetzea lortu nahi dauen programea azalduko deutse parte-hartzaileei’, batez be, akats ohikoenak zuzentzeko helburuz’. Gipuzkoarrak 1999-2000 ikasturtean sortutako programearen inguruko informazinoa eskainiko deutse Kofradi Zaharrean batzen diran guztiei.
Herri Hizkerearen bigarren jardunaldietako azken saioa arratsaldeko 13:00etan hasiko da eta Iban Arantzabal izango da protagonistea. Goienako komunikazino zerbitzuetako Ikus-entzunezko zuzendariak ‘Tokiko euskara batua Goienaren estilo liburuan’ izango dau berbagai. Berbaldiak amaituta, bazkari bategaz amaituko ditue jardunaldiak parte-hartzaileek.
Informazino gehiago:
- Ondarroako Udaleko Euskera Saila: 94-6833668
- mrey@ondarroakoudala.net
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!