Berlineko Expolinguak 20. ekitaldiari ekingo deutso zemendiaren 16tik 18ra bitartean

Bizkaie! 2007-11-15 17:20   Euskerea berbagai

Aurtengo edizinoan, 200 erakusle eta 15.000 bisitari inguru izango dira. Aurten, Kataluniako Institut Ramon Llull eta Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzea izango ditu bidaide euskal ordezkaritzeak.

Londreseko eta Pragako hizkuntz azoken ostean, Berlineko Expolinguak 20. ekitaldiari ekingo deutso zemendiaren 16tik 18ra bitartean. Aurtengo edizinoan, 200 erakusle eta 15.000 bisitari inguru izango dira. Mundu zabaleko 60 hizkuntza ezagutzeko eta entzuteko aukerea izango da eta, tartean, euskerea. Bi herrialderen ganeko programazino berezia eskainiko dabe antolatzaileek, Australia eta Zeelanda Berriaren ganekoa, eta errusierea izango da hizkuntza omendua.

Eusko Jaurlaritzea Berlinen izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta HABEren eskutik. Aurten, Kataluniako Institut Ramon Llull eta Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzea izango ditu bidaide euskal ordezkaritzeak eta hirurek izango dabe stand bera. Hiru egunetarako hainbat ekintza antolatu ditue hiru erakundeek.

Holan, barikuan, zemendiak 16, stand-era hurreratzen diranek katalan, gailego eta euskerazko ikus-entzunezkoak jaso ahal izango ditue goizean zein arratsaldean. Zapaturako, ordu bateko eskolak eskainiko dira hizkuntza bakotxean, bai goizez, bai arratsaldez.

Azkenik, domekan, zemendiak 18, erakundeetako ordezkariek nork bere esparruko hizkuntzearen egoerearen barri emango dabe jentaurrean. Han izango dira Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Lorea Bilbao Kultura aholkularia.

Amaiera ekitaldian, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako jatekoak probetako aukerea izango da. Horrezaz gan, hiru egunetan, euskal kantak zuzenean entzungo dira euskerearen txokoan.

Bestalde, mintegi saioetan 80 komunikazinok hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzea izango dabe ardatz eta, aldi berean, kultur egitarauan zinema eta antzerki emonaldiak antolatu ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu