Lau herrialdetako taldeak izango dira Getxoko XXVII. Aste Koralean urriaren 29tik zemendiaren 1era

Bizkaie! 2007-10-24 15:58   Musikea

Aurten, Singapur, Erresuma Batua, Kuba eta, ohikoa danez, Getxoko taldeek parte hartuko dabe Getxoko XXVII. Aste Koralean. Kontzertuak 19:30etan hasiko dira Algortako Getxo Antzokian eta sarrerak gonbidapenez jaso daitekez Getxoko Kultur Etxean hilaren 22tik.

Aurten, Singapur, Erresuma Batua, Kuba eta, ohikoa danez, Getxoko taldeek parte hartuko dabe Getxoko XXVII. Aste Koralean. Kontzertuak 19:30etan hasiko dira Algortako Getxo Antzokian eta sarrerak gonbidapenez jaso daitekez Getxoko Kultur Etxean hilaren 22tik.

Lehenengo egunean, urriaren 29an, Syc Ensemble Singers taldea izango da Getxon. Singapurreko abesbatzarik zaharrenetakoa da eta atzerriko jaialdietan parte hartu izan eban lehenengoa. Nazinoarteko zenbait jaialditan sariak irabazi ditu, besteak beste, Llangollen, Cantonigrosen eta Gorizian (Italian), 43 urteko ibilbidean. Gaur egun, 30 abeslarik osotzen dabe ahots mistoen taldea; danetara, 18 emakumek eta 12 gizonek. Taldearen filosofia da lana eta jarduera koralaren mugak eten barik garatzea.

Hurrengo egunean, Erresuma Batuko Voces 8 ahots mistoen taldea jardungo da. A capella abesten dauen zortzikote hau 2005ean eratu zan, eta berehala arrakasta handia lortu eban. Goriziako (Italia) Abesbatzen Nazinoarteko 44. Lehiaketan bi sari irabazi zituan. Voces 8 taldeak mueta guztietako musikea abesten dau, klasikoa nahiz arina, Gibbons edo Allegri, The Beatles, eta jazza be bai, euren moldaketakaz.

Hirugarren saioan, Kubako Camerata Vocale sine Nomine taldearen txandea izango da. Taldea berezitasun handiko proiektua da abesbatza-musika kubatarraren arloan. Soprano, kontralto, tenore eta baxu ahotsak erabilten dituan gizonezko taldea da, hasiera batean formatu horrentzat idatzitako musikearen interpretazino erispidea jarraituta. Bere errepertorioa oso zabala da, polifoniaren hasierako lanetan hasita, gaur egungo lanetaraino.

Azkenik, eta ohikoa danez, Getxoko talde baten emonaldia izango da. Aurten, Ondarreta abesbatzak zarratuko dau Aste Korala. Taldeak 1967an ekin eutson bere ibilbideari Bonifacio Otza Medinak zuzenduta eta, ordutik hona, hainbat kontzertu eskaini ditu. Taldearen errepertorioak genero guztiak hartzen ditu, eta unean uneko zuzendari ugari izan ditu: Charles Vanderzand, Peter Schwarz, Colman Pearce, Mieczslae Nowakowski, Thomas Konez, Urbano Ruíz Laorden, Enrique García Asensio, Miguel Rosa eta Juanjo Mena, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu