The Pogues irlandarrek beteko dabe Chayannek itxitako hutsunea

Bizkaie! 2007-08-08 02:00   Musikea

Irlandako folk tradizionala punk estiloagaz nahastau eta doinu zaharretan oinarrituta, euren punk estiloko musikea ekarriko dau taldeak Bilboko Botika Zaharrera abuztuaren 18an.

Bilboko Udaleko Turismo eta Jai Sailak The Pogues talde irlandarra eta Los Incoscientes taldea kontratau ditu Last Tour International kontzertu sustatzailearen bidez. Botika Zaharreko eszenatokian joko dabe abuztuaren 18an, gauerdian hasita. Kontzertu horreek Chayanne abeslariaren hutsunea beteko dabe.

The Pogues 1980ko hamarkadako talderik erradikalena Londresen alkartu zan 1982an, Pogue Mahone hasierako izenagaz. 1984an lehenengo kantea kaleratu eben, ‘Dark Streets of London’, eta The Clash taldeagaz egin eben birea. 1985. urtean, Elvis Costelloren gidaritzapean, ‘Rum Sodomy & The Lash’ lana kaleratu eben eta, hiru urte geroago, ‘If I Should Fall from Grace With God’. Hiru disko horreek osotzen dabe talde iralandarraren garai mamitsuena.

Irlandako folk tradizionala punk estiloagaz nahastau eta doinu zaharretan oinarrituta euren punk estiloko musikea egiten hasi ziran. Abestien letretan taldekideen ideia ezkertiar eta erradikalak jasoten ditue, langileen aldekoak eta boterearen kontrakoak.

1996an, taldeko liderra zan Shane MacGowanek taldea itxi eta handik sei urtera, The Pogues banatu egin zan. Shane MacGowanek izandako arazo eta adikzinoei aurre egin ostean, hasierako taldekideak alkartu ziran 2001ean.

Los Inconscientes taldearen burua 'Uoho' da, Platero Y Tú eta Extremoduro taldeetako kidea izandakoa. Gainontzeko taldekideek be talde horreetan jo izan dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu