New Model Army ingelesak izango dira Bermeoko Aritzatxu Rock Free jaialdiko izarrak

Bizkaie! 2007-06-21 02:00   Musikea

New Model Army banda ingelesa izango da garagarrilaren 14an Bermeon egingo dan Aritzatxu Rock Free jaialdiko izarra. Aurreko edizinoetan bezela, hitzordua herri bizkaitarreko Pergolan izango da, doban, eta kanpatzeko aukerea be eskainiko dau, hau be doban.

New Model Army banda ingelesa izango da garagarrilaren 14an Bermeon egingo dan Aritzatxu Rock Free jaialdiko izarra. Aurreko edizinoetan bezela, hitzordua herri bizkaitarreko Pergolan izango da, doban, eta kanpatzeko aukerea be eskainiko dau, hau be doban.

New Model Army-k urrira arte Estaduan eskainiko dauen kontzertu bakarra izango da Bermeokoa, izan be, urrian bira europarra egingo dabe, abuztuaren 20an kaleratuko dan ‘High’ izeneko disko barria aurkezteko. Beraz, Aritzatxu Rock Free jaialdian aukera ederra izango da talde ingelesaren abesti barrien aurrerapena entzuteko.

New Model Army nazinoartean tradizino handiko taldea da. Orain 20 urte baino gehiago sortu zan taldea irla britainiarretan. Eboluzionetan eta hainbat estilo jorratzen joan dan taldea da, post punketik indie rockera, gotic rock edota folketik igaroz. Musika mezu humanitario eta poetikoakaz beteteko sorturiko taldea da.

Oliver Cromwell-en Ejerzito Iraultzaile Ingelesetik hartu eben izena, eta 1980tik dabilz jo eta ke izaera sozialeko mezuak emonez eta ‘51 State’ lako abestiak inperio amerikarraren kontrako benetako ereserki bihurtuz; AEBtan, gainera, jarraitzaile gehien ditu taldeak. Militantzia antiamerikar horren ondorioz, biraren bat galarazo egin dau AEBtako Gobernuak.

Justin Sullivan gitarrista eta abeslaria buru dala, Nelson (baxua), Michael Dean (bateria), Dean White (gitarra eta teklatuak) eta Marshall Gill (gitarra eta ahotsa) dira gaur egun taldeko ganerako taldekideak. 2004an, Robert Heaton bateria-jolea eta taldearen sortzailea hil egin zan pankrea-minbizi baten ondorioz, eta antxinako kide izan zan Ricky Warwick The Almighty taldeagaz dabil orain. Justin Sullivan alkarlanean dabil Joolz Denby eleberrigile eta poeteagaz, eta honek taldea babestu eta eurekaz batera idazten dau.

Taldeak belaunaldi desbardinez osoturiko jarraitzaileen klub bat dauka: ‘The Family’. Kontzertu guztietan egoten da ‘familia’ hori. Batzuetan birea egiten dabe taldearen abestien saio akustikoakaz, Justin Sullivan & Friends izenagaz. Gainera, loturea dabe Red Sky Coven taldeagaz, Sullivanek bertan be joten dau eta.


Eskaintza zabala

Aritzatxu Rock Free jaialdiaren aurtengo edizinoaren ezaugarri nagusia estiloen aniztasuna da. Izan be, New Model Army-gaz batera, Anariren estilo intimistea, Aterkings taldearen jai-giroko rock and rolla, The Charades madrildarren power pop goxoa, Criatura zaragozarren hardcorea, The Flash taldearen punk elektronikoa, Porco Bravo-ren punk rocka, Ya Te Digo bilbotarren noise rocka eta New Model Army-ren kontzertua amaitzean Luis Beltzak jarriko dauen funk eta soul musikea.

Anari musikari azkoitiarrak hasiko dau jaialdia arratsaldeko 18:0etan. Saio akustikoa eskainiko dau, bere diskografia osotzen daben lau diskoak berrikusiz: ‘Anari’ (1997), ‘Habiak’ (2000), ‘Anari eta Petti’ (2003) eta ‘Zebra’ (2005).

Aterkings taldeak, Markina eta Elgoibarko bost gizasemek osoturiko taldeak, Goiko abeslari eta showmana buru dala, ‘Rock and Roll’ eta ‘Aterqueens’ bere bi diskoetako abestiak eta seguruenik zenbait bersino eskainiko ditu.

Ondoren, The Flash igoko da Aritzatxu Rock Free jaialdiko agertokira. Mikel Biffs bilbotarra buru dauen taldeak bertaratutakoak dantzan jarriko ditu bere punk eta soinu elektronikoen nahaskeeagaz.

Criatura zaragozarrek jarriko deutse hardcore ukitua jaialdiari, eta The Charadaes laukote madrildarrak power pop soinu goxoak helarazoko deutsoz ikus-entzuleari, ‘When Shining Blue’ izenburuko diskoaren abestiak aurkeztuz.

Porco Bravo barakaldoarrek, Manu ‘El Gallego’ abeslaria eta showmana buru dala, txundituta itxiko ditue guztiak bere jarduteko moduagaz, eta Ya Te Digo bilbotarrek, barriz, euren post eta noise rock soinuak eskainiko ditue, egun grabetan dabilzan diskoko abestien aurrerapen bat eskaintzeaz batera.

Azkenik, eta New Model Army ingelesen kontzertuaren ondoren, Luis Beltzak dantzan jarriko ditu guztiak soul eta funk musikeagaz, Bermeoko Aritzatxu Rock Free jaialdiaren aurtengo edizinoari amaierea emonaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu