Bilboko San Frantzisko auzoaren ganeko ikerketa batek 12.000 euroko bekea jaso dau

Bizkaie! 2007-01-30 01:00   kulturbiz

Bilbao Izan, uriko ondarea sustatzeko Bilboko Udalaren Kultura eta Euskera sailak aurten bultzatu dauen programeak ‘Bilboko Auzoen eta Auzokideen Historia’ urteroko bigarren bekea eman barri deutso San Frantziskoko komunidade multietnikoaren ganeko ikerketa soziokulturalari.

Bilbao Izan, uriko ondarea sustatzeko Bilboko Udalaren Kultura eta Euskera sailak aurten bultzatu dauen programeak ‘Bilboko Auzoen eta Auzokideen Historia’ urteroko bigarren bekea eman barri deutso San Frantziskoko komunidade multietnikoaren ganeko ikerketa soziokulturalari. Haizea Cobos Errasti ikertzaile gipuzkoar gazteak aurkeztu dau proiektua.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo daben legez, proiektua euskaraz aurkeztu da ‘Erkidegoz kanpoko atzerritarren bizileku kontzentrazinoaren ondorio sozio-kulturalak San Frantziskon’ izenburupean.

Epaimahaiak bekeak ikertzaileen artean sortu dauen interesa azpimarratu dau; izan be, danetara 14 eskaera aurkeztu dira. Proposamenek Bilbo Zaharra, Santutxu, Begoña, Abando, Otxarkoaga, Indautxu, San Adrian edota Zabalgunea auzoen inguruko proiektuak batzen ebezan.

Historia ikertzeko bekeak 12.000 euroko ordainsaria dakar eta helburua Bilboko auzoen eta bizilagunen ganeko ezagutzan sakontzea da. Gaia ‘Bilboko auzoen eta hango biztanleen historia’ da. 1870etik hona Bilboko auzo baten edo batzuen historia eta gizartea ikertzen dabizanei zuzenduta dago urteroko lehiaketa hau. 1870. urtea aukeratu dabe oinarritzat kalifikazino epaimahaiaren aurrera aurkezten diran proiektuentzako, izan be, urte horretatik aurrera hasi zan Bilboren zabaltzea, hainbat elizate eta auzogaz alkartzeraino.

Azterketa historikoa uribilduaren barruti guztietara zabaltzeko asmoz, lehiaketearen oinarrietan zehaztuta dago aztertzen diran auzoak kanpoan itxiko dirala hurrengo deialdietan. Aurreko edizinoan saritutako ikerketea Euskal Herriko Unibersidadeko ‘Parte Hartuz’ ikerketa-taldeak egin eban ‘Rekalde y Deusto: identidad, conflicto e integración’ izenburupean.

Ikerketa bekeaz gan, igazko urrian uriko auzoen historiaren inguruko berbaldi ziklo bat antolatu zan: Bilbao Auzoz Auzo. Ikusle kopuruaren aldetik arrakasta handia izan eban.

Ekimen horreek kulturea zabaltzeko Bilbao Izan programearen barruan sartu dira. Programeak uriko aberastasun artistikoa eta arkitektonikoa, ondare ez-materiala eta kaleetako zein auzoetako historia sustatu eta biztanle ezagunenen lana ezagutarazo gura dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu