Levandoski kanadiarraren folk-country musikea Euskaldunan

Bizkaie! 2007-01-23 01:00   Musikea

‘Musiketan’ zikloaren hurrengo protagonisteak urtarrilaren 28an joko dau Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:30ean hasita.

Alana Levandoski musikari kanadarra izango da ‘Musiketan’ zikloaren hurrengo protagonistea urtarrilaren 28an Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:30ean hasita.

Talde/Artista Onenaren mailan, 2006ko Indie Sarietarako izentau eben Alana Levandoski. Beragaz batera Corb Lund, Fembots, Lynn Miles eta Belinda Bruce egozan eta azkenean Corb Lundek irabazi eban.

Alana Levandoskik Kanadako artista onenetariko batzukaz idatzi ditu kantak, Sylvia Tyson, Serena Ryder, George Canyon eta Colin Cripps tartean, baita 'bluegrass' musikea egiten dauen Mark Simons-egaz be.

‘Levandoski, country-folk hamar abesti bikain horreekaz, azken urteotako Kanadako kantautore gazte onenenetarikoa dala esan geinke’, idatzi eban Mike Regenstrif kazetariak 'The Montreal Gazette' aldizkarian.

'Toronto Star' aldizkariko Greg Quill-ek honakoa esan eban: ‘etorkizun oparoa dauen kantautore barri baten material sinisgarri eta liluragarria da’.

Folk-country estiloko hamar kantaz osotutako diskoa da komentario horreen oinarria. ‘Levandoskik countryko abeslari handien sentikortasun musikagilea dauka eta benetako istorio zintzo eta libreen bidez egiazko sentimentuak erakusteko kapaz da’, dino, azkenik, Angela Pacienza 'The Canadian Press' aldizkariko kritikariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu