Galeusca 2006 topaketek tabua izango dabe ardatz
2006-10-31 01:00 jardunaldiakEuskal Idazleen Elkarteak antolatuta, Galeusca 2006, Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako idazle alkarteen topaketak Iruñean egingo dira aurten, zemendiaren 1etik 4ra.
Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, Galeusca 2006, Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako idazle alkarteen topaketak Iruñean egingo dira aurten, zemendiaren 1etik 4ra. Galeuscaren XXIII. edizinoko parte-hartzaileak AELG, AELC eta EIE elkarteetako idazleak izango dira, Asociación de Escritores en Lingua Galega, Associació d 'Escriptors en Llengua Catalana eta Euskal Idazleen Elkarteetakoak, hain zuzen be.
Ordezkaritza bakoitzak hamabost bat laguneko taldea izango dau Iruñean, Euskal Idazleen Elkarteak izan ezik. Azken hori, talde antolatzailea izanik, nahi dituan idazle guztiak konbidau leikez topaketetara.
Tabua izango da aurtengo Galeuscaren ardatz. Baina, zer da tabua? Gizarte bakotxaren arabera ukutu ezinezkoa dan gaia, aitatu be ezin daiteken hori, gustu txarrekoa izateagaitik, sinismenen kontrakoa izateagaitik, unean uneko ordenaren kontra egiten dauelako, edota beste hamaika arrazoi dirala bide.
Literaturan diran tabuen harian, ‘beti idazten da zeozeren kontra, galarazota dagoanaren kontrako sentimendutik sortzen da’ esan eban Txillida-Lekun egindako XXIII. Galeuscaren aurkezpenean Jaume Perezek Associacio d'Escriptors en Llengua Catalanako (AELC) lehendakariak, Joan Fuster lehendakari ohiaren berbak ekarriz, eta erantsi eban ‘taburik barik ez legoke literaturarik, berbea ezintasun bihurtzen danean hasten da literaturea’.
Galeusca 2006ko egitarauaren barruan, hasierako ekitaldi akademiko bat izango da sarrera legez pentsatua, gure hiru literaturetan nagusi diran tabuez. Helburua izango da literatura bakotxean (euskeraz, galegoz eta katalanez eginikoak) ezaugarri diran tabuen (edo tabu zehatz batzuen ezaren) aurkezpena egitea.
Egitarauan aurrera eginaz, bigarren ekitaldi akademikoa lan taldeetan izango da, eta horretarako hiru tabu mota bereizi dira: ideologikoa, afektiboa eta estetikoa. Lehenengoa ideiakaz loturik dago, pentsamentua, politikea, sinismenak, hasarreak..., tabu arrazionalena litzateke, eta publikoa. Bigarrenak barruko munduagaz dauka loturea, sentimentuak, sentipenak..., tabu irrazionala, beldurra, plazerra, gorrotoa... Eta azkenik, tabu estetikoa adierazpenari jagoko, idazmoldeari, hizkuntzeari, eredu formalari.
Beste alde batetik, aurten landu beharreko generoa ipuina da eta bosna ipuin osotuko dabez Euskal Herritik, Galiziatik eta Kataluniatik Galeuscara joango diran idazleek. Bosna ipuin ordezkaritza bakotxeko.
Liburua
Aurreko urteetan legez, liburua argitaratzeko asmoz idazleek osotutako lan guztiak, bai txostenak bai ipuinak alkarte antolatzailearen bulegoan jaso dira topaketak hasi baino lehen.
Liburu hori zemendiaren 1ean kaleratuko dau EIEk, eta Galeuscako parte-hartzaile guztiei emongo deutse bana Iruñean. Hiru hizkuntzatan idatzita egongo da: euskeraz, galegoz eta katalanez. Galeusca 2006 liburuak 1.500 aleko tiradea izango dau.
Topaketak iragarteko kartela eta liburuaren azala Eduardo Chillida eskultore donostiarrak 1972. urtean egindako Kate I grabatuagaz egin dau EIEk Chillida-Leku museoagaz alkarlanean.
’Gogoa zubi’ Galeuscako dokumentala
2000ko Galeusca, Lekeition, ‘Itsasoa literaturan’ izenburupean egindakoa dauka oinarri dokumentalak. EIE izan zan antolatzaile orduan be. Ordubete inguruko dokumentala ataletan zatituta dago. Galeusca desbardinetan hartutako irudiakaz osotuta dago, eta baita propio hartutakoakaz be (besteak beste, alkarteetako lehendakariei alkarrizketak...). Gehienak artxiboko irudiak izango dira, eta hiru hizkuntzak izango dira nagusi: hau da, euskerea, galegoa eta katalana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!