Labayru Ikastegiak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe
2006-10-26 02:00 Euskerea berbagaiHitzarmen horrek, Euskaltzaindiaren eta Labayru Ikastegiaren arteko loturak sendotzea dau helburu, beti be euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko asmoz
Labayruren izenean, Ander Manterola lehendakariak sinatu dau lankidetza-hitzarmena eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Akordioaren arabera, Labayruk eta Euskaltzaindiak alkarri autortzen deutse euskerazko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogia-zentro izatea. Horregaitik, bi erakundeek lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko ditue, euskerearen eta euskal kulturearen inguruko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan. Horren harira, curriculumaren ondorioetarako eta meritu legez, Labayru Euskal Kultur Erakundeak kontuan hartuko dau bere irakasle eta ikertzaileek Euskaltzaindiaren barruan egindako lana.
Gainera, bi erakundeek alkarri euren irakaskuntza eta ikerketa-ondareak erabilteko aukerea emongo deutse, eta, beren beregi, euren artxibategi eta bibliotekak erabilteko aukerea.
Labayruk eta Euskaltzaindiak alkarlana egingo dabe euskerearen normalizazinoari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Akademiak euskerearen arloan ezarritako arauak euren barruan zabaltzeko. Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Labayru Euskal Kulturearen Erakundeak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikeari, toponimiari, onomastikeari, ortografiari eta, oro har, euskerearen araugintzearen bestelako gaiei buruzkoak diranean.
Argitalpenen arloan, alkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, irakaskuntza normalizazinoaren eremuan, euskerazko testuak edo ikerketa nahiz zabalkunde-lanak batera kaleratzeko eta, holan, bi erakundeok euskerearen inguruan sortutako testugintzea zabaltzeko.
Bi erakundeak alkarlanean ibiliko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko. Era berean, lankidetza politikea bultzatuko dabe ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezan, euskereari eta euskal kultureari jagokezan eremuetan.
Urte bateko iraupena izango dauen hitzarmen hau koordinetako, Labayruk eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dabe, bakotxak bina ordezkari izango ditualarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!