Bilbo poesiaz jantziko da aste bi barru

Saioa Torre Gereketa 2006-10-04 02:00   jardunaldiak
Urriaren 16tik 22ra

Tunisiatik etorritako poeta bi, urriaren 16an ospatuko dan Gabriel Aresti Eguna eta Loquilloren kontzertua dira Bilboko Poesia Astearen VII. edizinoaren ekitaldi azpimarragarrienak. Programa osoaren aurkezpena egin dabe Bilbon eta bertan Kirmen Uribe ondarrutarra be izan da.

Bilboko Poesia Astearen zazpigarren edizinoa aurkeztu dabe Bizkaiko uriburuan Kirmen Uribe poeteak, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Jon Sanchezek eta ekimenaren koordinatzaile Begoña Moralek. Urriaren 16tik 22ra, poesiaz jantziko dira Bidebarrieta Liburutegia, Arenalean jarriko daben karpea eta Arriaga Antzokia. Bidebarrietan literatur aurkezpenak egingo dira, aste barruko egunetan; Arenaleko karpeak asteburuko ekitaldiak hartuko ditu, baita Umeentzako IV. Poesia Lehiaketako sari-banaketea be; azkenik, Arriagan Loquillo musikariak kontzertua eskainiko dau.

Programearen zazpigarren edizinoa izanda, honezkero oso finkatuta dago Bilboko kultur egutegian. Kirmen Uribek ‘pozgarritzat’ jo dau horrelako aste bat Bilbon egitea eta ‘batez be zazpigarren edizinoa izatea. Zazpi zenbaki magikoa da euskal kulturan, ziklo bat ixten dau eta datorren urtean ziklo barria zabaltzea gura neuke’. Bestalde, Uribek ezaugarri bi azpimarratu gura izan ditu: ‘batetik, poesia errezitalak nazinoartean gero eta garrantzitsuagoak dira, uriari garrantzia emoten deutse eta Bilbo Berlin, New York edota Bordele urien parean jarten dau; bestetik, jaialdia nazinoartekotzen joan da eta gero eta gehiago joan behar leukela uste dot’.

Bilboko Poesia Astearen VII. edizinoaren barruan Gabriel Aresti Eguna ospatuko da urriaren 16an. Arestiren omenez, Mugaldekoak musika eta poesia ikuskizuna egongo da Bidebarrieta Liburutegian 19:30ean, Beñat Goietxe eta Raul Garcia Etxebarria musikariakaz eta Jordi Serra katalanaren irakurketeagaz.

Nazinoartekotze ezaugarri horrek hizkuntza aniztasuna gehitzen deutso Poesia Asteari. Horren erakusle dira Tunisiatik etorriko diran Amel Moussa eta Hayet Raies poetak. Arabieraz idatzitako poemak aurkeztuko dabez Bilbon, ‘arabierea oso lirikoa da; amodioa edota naturea ekarten ditu gogora eta, azken aldian, aldarrikapena be bai’, zehaztu dau Moral koordinatzaileak. Urriaren 17an eskainiko dabe errezitaldia Bidebarrieta Liburutegian, 19:30ean.

Programa osoaren barri AGENDA atalean topauko dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu