Patxi Salaberri euskaltzain osoak sarrera-berbaldia egingo dau barikuan Uxueko pilotalekuan
2006-09-25 02:00 Euskerea berbagaiPatxi Salaberri Filologia Hispanikoan (Nafarroako Unibersidadea) eta Euskal Filologian lizentziaduna (EHU) da eta Euskal Filologian Doktorea. Gehienbat euskal onamastika arloa jorratu dau baina euskal dialektologian be egin dau lan.
Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoak bere sarrera-berbaldia egingo dau Uxuen datorren barikuan, hilaren 29an. Ekitaldia goizeko 11:30etan hasiko da, Uxueko pilotalekuan, Euskaltzaindiko iturriek iragarri dabenez. Maria Jesus Zoroza Uxueko alkatearen ondoetorriagaz hasiko da ekitaldia, Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ondoren,
Ondoren, Patxi Salaberriren sarrera-berbaldia izango da, eta Uxueko izenak izango ditu berbagai; Andres Iñigo euskaltzainak erantzungo deutso: ‘Hamahirugarrena Uxuekoa, Erriberriko Merindadekoa’. Azkenik, euskaltzain barriari dominea eta diplomea emongo jakoz.
Patxi Salaberri Filologia Hispanikoan (Nafarroako Unibersidadea) eta Euskal Filologian lizentziaduna (EHU) da eta Euskal Filologian Doktorea. Gehienbat euskal onamastika arloa jorratu dau baina euskal dialektologian be egin dau lan. Berrogei artikulu baino gehiago idatzi ditu eta zazpi libururen egile edo egilekide da; zortzigarrena, euskal patronimiari buruzkoa inprentan dago.
Nafarroako Unibersidade Publikoko irakasle titularra da 1990etik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultadean eta, zehatzago, Filologia eta Hizkuntzearen Didaktika sailean.
Euskaltzaindiagazko lotureari dagokionean, 1989tik Onomastikako batzordeko partaidea da. 1996an, barriz, euskaltzain urgazle izentau eben. Era berean, Akademiaren ‘Onomasticon Vasconiae’ bildumako zenbait lanen hizkuntza aholkulari izan da.
2003tik Nafarroako Gobernuaren ‘Fontes Linguae Vasconum’ aldizkariko zuzendaria da. Ikerketearen arloan, Nafarroako hizkeren eta euskal dialektologiaren inguruko hainbat lan egin ditu.
Nafarroako Unibersidade Publikoko Ikerketa batzordeko kidea izan da, 1993ko maiatzetik 1997ko urtarrilera. Hizkuntza Plangintzarako Erretoreari Atxikia be izana da 2003ko garagarriletik 2005eko martira arte. Nafarroako Unibersidade Publikoko Hizkuntza Normalizazinorako bi batzordeko kide izan da azken urteotan, eta Hizkuntza Plangintzarako Batzordeko kide eta buru, Erretorearen ordezkari.
Nafarroako Euskerearen Kontseiluko kidea izan zan 1996tik 1998ra arte, euskal kulturako persona ezagun legez. Gaur egun kontseilu horretako kidea da NUPren ordezkari moduan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzearen Euskerearen Aholku Batzordeko toponimia azpibatzordeko kide da, 1996tik.
Patxi Salaberri Eusko Ikaskuntzako kidea da eta nazinoarte mailan, American Name Society eta International Council of Onomastic Sciences erakundeetako partaidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!