Hamaika ikusteko eta entzuteko jaio gara

Saioa Torre Gereketa 2006-09-19 02:00   kulturbiz

Euskal prentsa, telekomunikazinoak, liburuak, diskoak, telebista-produkzino etxeak eta, oro har, euskal eragileak ordezkatzen dituen enpresek bat egin dabe Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea sortzeko eta, behingoz baino ez bada be, helburua bat bakarra da: euskerazko telebistea sortzea.

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak aurkezpen-ekitaldia egin dau Euskaltelium-en, Euskaltel enpresearen Bilboko egoitzan gizarteari bere asmoen barri emoteko. Ekitaldian Elkar-eko Arduradun Nagusi Joxemari Sors, Euskaltel-eko Negozio Garapeneko Zuzendari Mikel Astorkiza, CMNko Kontseilari Ordezkari Iñaki Alzaga, EKHEko Kontseilari Ordezkari Gorka Altuna, EKTko Kontseilari Ordezkari Joanmari Larrarte eta Bainet-eko Produkzinoburu Juanjo Landa izan dira, Hamaika proiektuan parte hartzen daben enpresa nagusien ordezkariak.

Astorkizak hartu dau berbea lehenengo eta euskaldunen arteko komunikazinoak euskeraz egiteko aukerea egon badagoala nabarmendu dau. Horretan oinarritzen da Hamaika telebistearen proiektua eta ‘ibilian-ibilian erakutsiko dogu sinisgarritasuna eta sendotasuna’. Gara eta Le Journal egunkariez arduratzen dan enpresearen ordezkari Altunak hartu dau lekukoa gero eta gure txikitasuna ez autortzeak herriari kalte egiten deutsola gogorarazo dau. Baina, ‘lantzean behin, zipristin batzuk egon badagoz eta gaur aurkeztera gatozan proiektua amankomunean sortutako zorioneko zipristina da’.

Proiektuan hiru komunikazino-talde dagoz, hirurak prentsa arlokoak. Halanda be, ‘ondo baino hobeto dakigu zer pasetan dan telebistan’, dino EKHEko Kontseilari idazkariak. Hortik hasita, ‘Euskaltelek zuntz optikoa zabaltzeko aukerea eskainiko dau, Bainetek telebistaren munduan daukan esperientzia ekarriko deusku eta Elkar euskal kulturearen erreferentzia izango da’. Proiektuaren izenaz be egin dau berba Altunak. ‘Hamaika berbea asko erabilten dogu euskaldunok, hamaika, makina bat, asko, anitz... Ondo baino hobeto definiduten dau egitasmoa, lantaldea danetarikoa baita’.

Berba berari erreferentzia eginez, ‘hamaika ikusteko jaioak gara’, dino Deia egunkariaz arduratzen dan taldearen ordezkari Iñaki Alzagak. Ikusteaz gan, ‘hamaika egiteko daukaguz oraindino’, ganeratu dau. Telebistea euskeraz ikusteko aukerea nabarmendu ostean, lizentziak ekarri ditu gogora CMNko Kontseilari Ordezkariak: ‘laster, lizentzia-banaketea izango da eta ordurako prest egongo gara’. Egun hori heldu baino lehenagorako eta osterako, jentearen parte-hartzea, alkarlana eta ahalegina eskatu dau.

Joanmari Larrartek (Berria-Hitza) be berba jokoagaz segidu dau eta oraingoan ‘esan’ aditza erabili dau: ‘esateko asko daukagu; euskaldunok hamaika daukagu esateko’. Ostean, baina, ‘egin’ aditza be ekarri dau gogora, ‘hamaika egiteko daukagu eta euskerazko telebista bat egitea posible da’. Hori bai, proiektua karua eta gatxa dala be autortu dau.

Alkarlanean sortutako ekimena da Hamaika eta lekuan lekuko telebisten digitalizazinoak mesede egingo deutso, lizentzia-banaketea ate-joka dagoan garaiotan. Eguna heldu orduko, euskal eragileei eta, oro har, euskaldunei deialdia egin deutse Komunikazino Taldeko ordezkariek, ‘digitalizazinoak errazten dauen norabide biko komunikazinoa posible izateko’.

Aurkezpen-ekitaldia jentez ganezka egon da eta hainbat arpegi ezagun hurreratu dira Bilboraino, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendari Gotzon Lobera, Miguel Madariaga, Igor Gonzalez de Galdeano, Roberto Laiseka eta Euskaltel-Euskadi txirrindularitza-taldeko hainbat kide, Estitxu Fernandez telebista-aurkezlea, Oinatz Bengoetxea pelotaria eta Alex Sardui musikaria, kazetari eta beste hainbesteren artean. Hamaikatxu azalpen entzun eta hamaika esateko izan ostean, hamaiketakoa be jan dabe, Hamaika telebisteari bultzadatxua emoteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu