Badator Elorrioko Musikaire, musikea, jantzea, magia eta antzerkia buztartuta
2006-06-14 02:00 kulturbizBertoko zein kanpoko jantza, musika, magia eta antzerki taldeak izango dira Elorrion bagilaren 17tik garagarrilaren 28ra bitartean eta, danetara, 15 ekitaldi aurreikusi ditue, Elorriok 650 urte beteten dituala eta preparautako programazino bereziaren barruan.
Bertoko zein kanpoko jantza, musika, magia eta antzerki taldeak izango dira Elorrion bagilaren 17tik garagarrilaren 28ra bitartean eta, danetara, 15 ekitaldi izango dira, Elorriok 650 urte beteten dituala eta preparautako programazino bereziaren barruan. Haize zabalean, herriko plazan, eleizpean, baseleizetan, jauregietan eta eleizan izango dira emonaldiak.
Arriola kultur alkarteak Clientele Londoneko folk laukotea aukeratu dau jaialdiari hasierea emoteko, orain arte argitaratu dituen hiru diskoetan konposizino minimalistak eta jazz erritmo eta akordeak nahasten dituan taldea, hain zuzen. Hitzordua, bagilaren 17an, Argiñetan dozue gaueko 22:30etan.
Musikairen izango diran kanpoko ordezkarien artean, ondokoak nabarmenduko doguz: Lila Downs mexikarra, 'Frida' filmeko soinu bandan parte hartu ostean, mundura salto egin eban musikaria eta Saint Petersburg Cello Ensemble, zortzi biolontxelo jolek osotzen daben taldea.
Antzerkiari jagokonez, Teatro Corsario, Patas Pa Arriba, El Negro y el Flaco zein La Galera Encantada konpainien obrak ikusteko aukerea egongo da.
Jantza garaikidearen arloan, barriz, oraintsu jantza arloko Max saria irabazi dauen Cesc Gelaberten Gelabert-Azzopardi konpainiak 'Psitt!! Psitt!!' ikuskizuna eskainiko dau.
Beste alde batetik, magiak be lekua izango dau Musikairen, Mag Lari kataluiniar magoaren 'Increible' lanagaz.
Euskal ordezkarien artean, barriz, Sinfonietta Ricercare Orkestrea, Benito Lertxundi, Aintzina, Makala Band zein Balen Lopez de Munain nabarmenduko doguz.
Mikel Irizarrek inoan legez: 'kalean sortu zan kulturea. Kantu, jantza eta antzezpen antxinakoak emoten ziran aire librean, ilargi edo eguzkipean, kobaren atarian, baserriko soloan edo herrixkako plazan. Kalean bizi zan jentea, kanpoan emoten eban denporea, aterpearen eskasiak eraginda. Plazan batzen ziran multzoak, hurreratzen personak, lotzen hartu-emonak. Plazetan egozan ikus-entzuleak, han emoten zan kulturea. Kulturea, hasieran, kaletarra zan...
...Kalean aritzeak eskatzen dau aterri egon daitela eta epel. Eta hori gurean udan izaten da, inoiz izatekotan. Horregaitik, kultura kalera itzuli danean udea hartu dau begiko. Udan antolatzen dira kale jaialdiak, lagun hartuta oporren usaina, gauaren sorgina eta hego haizearen laztana. Elorrion, udan, kulturea kalera irteten da. Horixe dozu MUSIKAIRE'
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!