Baidu baike, Wikipedia txinatarra

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-06-12 02:00

2004an txinatarrek gehien erabili eben bilatzailea Google izan zan 2005ean, ‘Baidu’ txinatar bilatzailea plazaratu eben eta momentu horretatik gorakada itzelak izan ditu. Gaurko datuekaz, Baidu horrek bai Google eta baita Yahoo! bilatzaileak gainditu ditu.

Google ei da sarean dagozan bilatzaileen artean nagusiena, munduan gehien erabilten ei dana. Negozioaren atal nagusia euren eskuetan dago.

Baina oraindino teknologiagaz loturiko negozioek badaukiez guztiz garatu bako atal eder batzuk. Orduan, lehenengo ailegetan danak konpetentziari aurrea hartuko deutso.

Duda barik, herrialdeen artean interesgarriena Txina da. Upealako urteroko garapen tasea daukie esparru guztietan: etxegintzan, industriako arlo guztietan, energian eta, zelan ez, teknologian. Berbarako, Internetera egiten diran konekzinoek bultzada handia izan dabe azken urteotan eta, gaur egun, ia duda barik, zera esan geinke: Txina da munduko bigarren herrialdea (lehenengoa, oraindino behintzat, Estadu Batuak dira) internauten kopuruan: honezkero, 111 miloe internauta dira eta kopuru hori gorantz doa, momentuz muga barik.

Hainbeste internauta egonda, sareko negozioa sano erakargarria da. Internautek bilatzaileak behar dabez eta hor dagoz, besteak beste, Yahoo! eta Google.

2004an txinatarrek gehien erabili eben bilatzailea Google izan zan. 2005ean, ‘Baidu’ txinatar bilatzailea plazaratu eben eta momentu horretatik gorakada itzelak izan ditu. Gaurko datuakaz, Baidu horrek bai Google eta baita Yahoo! bilatzaileak gainditu ditu: internauten % 56,6ek Baidu erabilten dau, % 32,8ek Google eta % 5ek Yahoo!.

Baina txinatarren bilatzaiea ez dago bakarrik bilatzaileen mundura zuzenduta, ez. Beste arlo batzuk be jorratzeko prest dagoz. Holan, hor dago Wikipediari aurre egingo deutson webgune txinatarra, Baidu Baike’, txinatar mandarinez dago): 100.000 sarreratik gora daukaz eta egunero ia 5.000 gehiago gehitzen jakoz.

Wikipedia legez, Baidu Baike bilatzailea erabiltzaileek egindako artikuloz osotuta dago eta webgunearen bozeroalearen esanetan, bersino txinatarrak honezkero Wikipediak baino bisita gehiago daukaz. Internautek eurek egiten dabez artikuluok baina ‘kalidadea bermatzeko eta webgunea informazino faltsuz libre mantentzeko’ adituen kontseilua eratu dabe. Susmagarriontzat, kontseilu horrek beste zeregin bat be izango dau: gauzak zelan dagozan ikusita, ez ete dabez zentsura neurriak hartuko artikulu ‘ez-komenigarriak’ saretik urrun mantentzeko?

Wikipediak salaketea jarri deutso Baidu Baike webguneari, edukiak kopietea leporatuta. Baidukoek zera erantzun dabe: ‘informazinoa banatzea jakinduriaren garapenari eusteko bidea da’. Filosofia txinatarraren esaldi borobila da baina arazoa hor dago.

Baidu Baikek laguntzinoak daukaz aurrera egiteko. Txinatik ezin da sartu atzerriko webgune batzuetara eta, tartean, Wikipedia bera dago (txinatar bersinora bai, barriz). Bertako gobernuaren agindua da, alde batetik bertako zentsurea mantentzeko eta, beste alde batetik, arazo ideologikoetatik urrun dagoan arrazoi indartsu bategaitik: ekonomia. Atzerriko enpresak urrun mantenduz (kasu honetan enpresa teknologikokoak), bertako enpresentzat bidea zabalik geratzen da eta, holan, eurak indartsuagoak dira. Urteotako atzerapenari aurre egiteko denporea daukie eta atzerriko konpetentziako enpresekaz parekatzeko bidea egiten dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu