Zornotzako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Euskaltzaindia 2006-05-24 02:00   Euskerea berbagai

Zornotzako Udalaren izenean, David Latxaga alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe.

Zornotzako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur. Udalaren izenean, David Latxaga alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe. Hitzarmen horren helburua honako hau da: Zornotzako toponimoak eta herriko agiriko hizkuntza-paisajea normalizetea.

Holan ba, Zornotzako toponimia ikertzeko eta arautzeko, beka-deialdi bat atara dau Udalak. Rakel Iruarrizaga eta Ane Olabarri ikerlariek lortu dabe eta Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean dagoz lanean.

Sinatutako hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren eginkizunik nagusiena toponimia batzeko, finkatzeko, arautzeko eta normalizetako aholkuak eta erespideak eskaintzea da. Izan be, berari jagokoz ikerketearen zuzendaritza eta aholkularitza zereginak. Horretarako guztirako, zuzendari bat izentau dau: Iratxe Lasa Onomastika batzordeko aholkularia.

Ikerketa-lana martxan dago. Orain arte, lan honi begira eratutako datu-basea beteten hasteko, argitalpenetako toponimoak batzen hasi dira ikerlariak. Bestalde, batze-fasea behar dan legez egin ahal izateko, herria auzoka antolatu dabe Iruarrizagak eta Olabarrik.

Bekadunek, lau hilebetean behin, memoria aurkeztu beharko deutse Udalari, ordura arte aurreratutako lanen zehetasunakaz. Rakel Iruarrizaga eta Ane Olabarri ikerlariek azaldu dabenez, leku-izen guztiak batzeko idatzizko nahiz ahozko informazio-iturriak erabiliko ditue: batetik, artxiboetan eta hainbat agiritan gorde diran agirien miaketen bidez eta, bestetik, ahozko bilketearen bitartez, lekukoen testigantzak jasoko ditue eta. Urtebete luzea beharko dabe lana egin ahal izateko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu