Hasi dira Aste Nagusiko txosnak montetan

Bizkaie! 2024-08-07 13:14   Kulturea

Mila lagun inguru ibiliko dira txosnetan zerbitzua emoten.

Abuztuaren 17an hasiko da Bilboko Aste Nagusia eta ordurako dana prest egon behar danez, Bilboko Konparsak txosnak montetan hasi dira dagoeneko. Egunetako lana izango da txosnen egiturak jartea, apaintzea eta zerbitzua emoteko prest ixtea, baina, ahalegin horri esker, Aste Nagusiaz disfrutau ahal izango dabe konparsakideek eta herritarrek.

Urtero lez, 110.000 kilotik gora mekanotubo, 1.500 panel inguru, 1.000 litro margo baino gehiago, alkarlana eta 400 bat lagunen izerdia izango dira protagonista Arenalean. Holan, konparsek proiektuekiko daukien konpromisoa ikusi ahal izango da.

Konparten izenean ibili diran Aritz Zabalak eta Josu Fernándezek adierazo dabenez, Aste Nagusirako 10 egun falta dira eta Bilbo osoa jairako prestetan ari da. Uribildu osoko tabernari, sukaldari, aktore, garbitzaile, ostalari, lorezain, gidari eta dendariak, besteak beste, dana prestetan ari dira Marijaiari harrera egiteko. Konparsakideok be horretan gagoz. Betiko lez, konparsakideek arnesak eta kaskoak jantziko doguz Arenalean izango diran 27 txosnak jaiegunean edegiteko.

Aurton, ondoetorria egingo deutsagu Txinparta Feminista Konparseari eta Arriagan jarriko daben txosneari. Txinpartak denpora luzea daroa Bilboko Konparsetan buru-belarri lanean eta txosna montateko gaitasuna eta gainerako konparsekaz alkarlanean primeran moldatzeko borondatea erakutsi ditu, gehitu dabe.
 
Kontuak kontu, mila lagun inguru ibiliko dira, modu boluntarioan, txosnetan zerbitzua emoten.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu