Kirolez betetako Aste Nagusia atondu dabe konparsek

Bizkaie! 2024-08-06 08:01   Kulturea

Guztira, 600 ekintzatik gora izango dira.

Bilboko Konparsen Federazinoak 2024ko Aste Nagusirako prestau daben egitaraua aurkeztu dabe, Arriaga Plazan egindako agerraldian. Konparsek iragarri dabenez, guztira 600 ekintzatik gora izango dira, federazinoak eta konparsa guztiek atondu dituenak.

Itsasadarrera egingo dabe salto aurten Bilboko Konpartsek, egunez egindako jarduerak eta batez be, kirol lehiaketa ugari izango dituan Aste Nagusiko programazinoan. Saskibaloia 3x3, Xakea, waterpoloa, skatea, piraguak… Igaz bezala, inguruko kulturgile eta kirol eragileekaz hartu-emonetan sakonduta, alkarlanaren bidetik programazinora ekarpen irudimentsuak eta askotarikoak gehitzen ahalegindu dira konparsak.

Ekintza guzti-guztiak liburuxka potolo batean aurkitu ahal izango dira, halanda ze, federazinoak 15.000 ale inprimatu ditu (hemen be ikusgai). Umeentzako jarduera ugari be atondu dira. Kontuak kontu, ekintza guztien barriak app.bilbokokonpartsak.eus aplikazinoan iragarriko ditue, programazino osoa sakeleko telefonoan eroan ahal izateko.

Aurkezpenean adierazo dabenez, programazinoan urteroko ezinbesteko hitzorduak izango dira, besteak beste, Lehiaketa Gastronomikoa eta 26. Uri Krosa, baina badagoz beste lehiaketa batzuk be, esaterako, skate, rap, basket, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehiaketak, mus txapelketea eta piraguen igoerea ahaztu batik.

Betiko lez, umeentzako programazino berezia izango da, besteak beste, antzerkiak, gastrotxikia, igel-toka eta puzgarriak. Umeen artean konparsazaletasuna sustatzeko, Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak izango dira.

Programazino musikalari jagokonez, momentuz ondokoak baieztatu ditue: Ithaka, Ama Say, Bulego, La Furia, Amooma, Etxekalte, Dupla, The Cherry Boppers, Garilak 26, Leihotikan, Afrika, Mice, Txapelpunk eta Euskatalites.

Ganera, aurton, irudi korporatibo barria estreinau dabe, tipografia eta ikono koloretsu bategaz. Horrezaz gan, Pasapotea sustatu dabe, jendeak txosna guztiak ezagutzeko.

Informazino gehiago eta egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu