Itziar Ituño pregoilari eta Nagore Ugarte txupinera 2024ko Aste Nagusian

Bizkaie! 2024-06-27 08:42   Kulturea

Bilboko Jai Batzorde Mistoak iragarri ditu izenok.

Nagore Ugarte Ruiz izango da txupinerea, Aste Nagusiaren hasiera marketan dauen suziriari sua emoteko ohorea izango dauena, Txinbotarrak konparsako kidea da, 40 urteko bilbotarra, bere konparsea bezela Zorrotza auzokoa hain zuzen be eta irakaslea lanbidez. Mendizalea be bada Nagore eta, ahal dauenean, tartetxoak ataraten ditu mendira joateko, nahiz eta, autortu dauenez, seme-alaba bi izan dituanetik oso denpora gitxi dauka hara eta hona mobiduteko. Familia eta lagunak dira bere lehentasunak: eurekazxin ahal beste denpora pasetan eta disfrutetan dabenetakoa naz, betiko geratzen diran momentuez gozetan, esan dau.

Txinbotarren sorreratik dabil konparsan eta txandak egiten, txosnea montetan, panela margozten, kozinetan eta bestelako zeregin batzuetan ibiltea gustetan jako: Aste Nagusian gehien gusteta jatana, bazkalostean mahai-inguruko tertulia edo barriketaldiakk dira. Txinbotarrak konparsea familia bat osotu dogu (alkarrekin barre egin dogu, negar, mozkortu, hasarretu eta barriro besarkatu...) eta kriston ohorea izango da txinbotxupinerea izatea, azaldu dau Nagorek.

Itziar Ituño Martinez aktorea izango da aurtengo Pregoilaria eta haren eretxiz, basauritar erdi-naparra, taula gainean bere saltsa batzuetan dabilen lotsatia eta, beraz, kontraesankorra muin-muinean. Gorria eta morea ditu gustuko, musikaz gozetea, jantzan egin eta abestea eta katuak maite ditu: guraso langileek hazi eta hezia, aktore lanetan ezagutuko nozue beharbada, baina beste gauza asko be banaz, aurreratu deusku, bere burua aurkeztea eskatuta.

Ikasketaz soziologoa da Ituño eta soziologia urbano-industrialean eta politikoan espezializau zan Euskal Herriko Unibersidadean, baina berak esan bezela, aktore moduan ezaguna da, ibilbide emonkor eta arrakastatsua izan baitau Basauriko Antzerki Eskolan lotsak kentzeko ibili zan garaietatik hona. 1994an hasi eta 2012 arte jardun eban euskaldunontzat mugarria bilakatu zan Goenkale telesail aitzindarian. Aurrerago hainbat film eta telesailetan ibili da eta azken urteotan, Euskal Herritik kanpo be ospe handia hartu dau, La Casa de papel seriean parte hartu ondoren. Horrezaz gan, besteak beste, Loreak, Errementari, Ilargi guztiak eta Irati filmeetan, eta Alarde, Intimidad zein Touré detektibea telesailetan ikusi ahal izan dogu azkenaldion.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu