'Azul agosto', 2024ko Aste Nagusiko irudi barria

Bizkaie! 2024-06-25 12:24   Kulturea

Mario Larrinaga Mochales-en lanak, botoen % 64 lortu dau.

Itziar Urtasun Jaietako Zinegotziak, Epaimahai espezializatuagaz batera, herri lehiaketan irabazlea izandako kartelaren barri emon dau. Azul Agostok, sei lan finalisten artean, botoen % 64 jaso ditu.

Bilboko Udalak zintzo eutsi deutso kartel irabazlearen aukeraketan herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuari eta % 66ko balioa emon deutso herri-bozketeari eta % 33koa epaimahaiari.

Epaimahaia, ondokoek osotzen dabe: Itziar Urtasun Jai Zinegotzi eta Jai Batzordeko Presidenteak; Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziek; Alicia Fernández Rekalde Aretoko Zuzendariak; Eder Aurre moda-diseinatzaileak; Elena Guerra sortzaile digitalak (komunikazinoan eta marketinean aditua); Ibai Sánchez Telebilbaoko aurkezleak; eta Bilboko Konparsetako ordezkari bat.

Ganera, aurtengo edizinoan, Borja Sanz Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadeko doktorearen adimen artifizialaren erabilerari buruzko aholkularitzea izan dau Epaimahaiak.

303 lan

Joan dan astelehenetik, bagilak 17, eta domekara arte, bagilak 23, herritarrek botoa emoteko aukerea izan dabe, sei kartel finalisten artean (Marijaia eta gehiago, Jaietara atera!/¡Sal a las fiestas!, Síntesis, Azul agosto, Labios eta Gora Marijaia). Aurrez aurre, Abandoko Barrutiko Udal Zentroan, eta udalaren webgunearen bitartez emon ahal izan dabe botoa.

Aurton, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek egindako 303 lan aurkeztu dira eta Itziar Urtasunek eskerrak emon deutsee egindako ahaleginagaitik, asmamenagaitik, sormenagaitikz eta emondako denporeagaitik. Proposamen gehienak bilbotarrek egin ditue, halanda be, Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia eta Mexikoko jente askok be parte hartu dauela nabarmendu dau Epaimahaiak. Geure Aste Nagusia gero eta internazionalagoa da eta kartel iragarlea diseinaukeran be, hori igarri da: munduko hainbat txokotatik lanak jasoten baitoguz, adierazo dau.

Kartel irabazleak 3.000 euroko saria jasoko dau eskudirutan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu