Landako Gunetik lehenengo kutxea Balmasedara bialdu dabe

Bizkaie! 2020-12-04 20:20   Kulturea

Kai Nakaik bere lehenengo kontzertua eskaini dau Plateruenan.

Goizean zehar hainbat arazo tekniko izan ditu 55. Durangoko Azokako webguneak eskaera kopurua dala eta baina 15:00etan barriro abiatu da online dendea eta eskariak heldu dira Euskal Herri osotik, baita Euskal Herritik kanpokoak be.

Ohiko Ikasle Goizaren aurrean bikaina izan da erantzuna; goizeko 11:00etan, Oihan Vegak eta Oizeder Mayok alkarrizketa-saioa gidatu dabe, Durangoko hainbat ikastetxetako ikasleen aurrean. Gonbidatuak Aitor Arana, Erika Elizari, Kai Nakai eta Liher musika-taldea izan dira. Horrezaz gan, www.durangokoazoka.eus webgunean be hainbat tailer eskaini dira: blender, bikoizketak, yogipuinak, ilustrazinoa...

Arratsaldeko 18:00etan izan da inaugurazino-ekitaldia eta 19:30ean, igaz Sormen Bekea Da irabazi eban Kai Nakai arabarrak bere lehenengo kontzertua eskaini dau Plateruenan. Bihar, abenduaren 5ean, aurtengo Sormen Bekearen irabazlea nor izan dan zehaztuko dabe.

Zapatuan, abenduaren 5ean, hasiko da Durangoko Azokako egitaraua, kontzertu, barriketa, proiekzino eta bestelako kultur jarduerakaz. Eguerdiko 12:00etan, Emakumearen presentzia musikearen industrian, covid-19 garaian izango da mahai-inguruaren gaia. Parte-hartzaileak: Olatz Salvador, Saioa Torre eta Iratxe Reparaz izango dira.

Literatur barriketatan, hainbat sortzaile batuko dira, besteak beste, Asisko Urmeneta, Leire Bilbao, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Ane Pikaza eta Antxine Mendizabal.
Arratsaldeko 19:00etan, beste mahai-inguru interesgarri bat egongo da: Zergatik da zuzeneko kulturea ordezkaezina?. Kasu honetan, parte-hartzaileak Amancay Gaztañaga, hakti Olaizola eta Miriam Romatet izango dira.

Plateruenaren kasuan, goizeko 11:00etatik 20:50ak arte disko aurkezpen ugari izango dira: Bulego, Mihise, Moxal, Xskara, Amorante, Izatefaltsua...

Zu non, han DA! ekimenaren barruan. Azpeitiako Soreasu aretoan, arratsaldeko 19:00etan, Gatibu ikusteko sarrerak agortu badira be, bigarren kontzertu bat emongo dabe 16:00etan.

Abenduaren 6an, barriz, iluntzeko 19:00etan, Rafa Ruedak kontzertua eskainiko dau Plateruena Kafe Antzokian.

Ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira webgunean eta agortuta ez dagozan ikuskizunetarako sarrerak be eskuratu ahal izango dira.

Durangon ekitaldiak antolatzeaz gan, Euskal Herriko hainbat herritan be kontzertuak izango dira datozen egunetan Zu non, han DA! ekimenaren barruan. Gaur, hilak 5, Atarrabiako Totem aretoan Liher eta Sorkarik joko dabe eta Donostiako Dabadaban, ostera, Silicies Grizzlies eta Kyxo egongo dira. Kontzertu horreetarako sarrerak agortu egin dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu