Xuxen zuzentzaile ortografikoa eguneratu dabe

Bizkaie! 2018-05-23 08:22   Euskerea berbagai

Programa ohikoenen bersino barriakaz guztiz bateragarria da.

Euskerazko testu digitaletarako Xuxen zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren bersino barria eskuragarri dagoala iragarri dabe Elhuyarrek eta Ixa taldeak. Xuxen 5.1 Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketez horniduta dator, erabiltzaileak hizkuntzearen alorreko azken barrikuntzak eskura izan daizan.

Azkenaldion, Microsoft Office pakete barriak plazaratu ditue eta, hortaz, Xuxen programa horreetara egokitzea beharrezkoa izan da. Esate baterako, Word programearen azken bersinoan ipini leiteke ezelako arazo barik.

Word-eko Xuxen da ezagunena, baina beste programa askogaz be erabili leiteke: Excel, Power Point, Outlook, LibreOffice, OpenOffice, Firefox, Chrome, Explorer, Adobe eta Hunspell. Nabigatzaileetan instalau leitekenez, mezu elektronikoetan eta interneteko foroetan erabili leiteke Xuxen 5.1. Euskaltzaindiaren azken eguneratzeen arabera egiten ditu ortografia eta gramatikea hobetzeko proposamenak.

Orain arte legez, doban eskuratu leiteke Xuxen, hemen. Ganera, webgune horretatik bertatik be erabili leiteke, deskargau barik. Horretarako, zuzendu nahi dogun testua kopiatu eta webgunean horretarako dagoan koadroan sartu behar dogu.

Orain dala hamarkada bi hasi ziran Elhuyar eta Ixa taldea alkarlanean, euskerazko zuzentzaile ortografikoa sortzeko. Holan jaio zan Xuxen eta, Elhuyarrekoek azpimarratu dabenez, horretan jarraitzen dogu euskereak mundu digitalean aurrera egin daian eta euskal gizarteak baliabide erabilgarriak eskura izan daizan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu