'Aratusteak Bizkaian' liburu eta DVDa aurkeztu dau Labayru Ikastegiak

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-02-14 13:41

Bizkaian makinatxu bat modutara ospatzen dira Aratusteak, eta izena be ez da bera leku guztietan, izan daitekez aratusteak, inauteriak edo karnabalak tokiaren arabera. Labayru Ikastegiak gaiaren ganean urteetan egindako lana Aratusteak Bizkaian liburu eta DVDan batu dau.

Bizkaian makinatxu bat modutara ospatzen dira Aratusteak, eta izena be ez da bera leku guztietan, izan daitekez aratusteak, inauteriak edo karnabalak tokiaren arabera. Labayru Ikastegiak gaiaren ganean urteetan egindako lana Aratusteak Bizkaian liburu eta DVDan batu dau.

Bilboko BBK Salan aurkeztu dabe proiektu barria, eta bertan izan dira Igone Etxebarria, Akaitze Kamiruaga, Adolfo Arejita egileak eta Ana de Castro Foru Aldundiko Euskera zuzendaria. Inauteriak lehen zelan ospatzen ziran jakitea ze garrantzitsua dan nabarmendu dau De Castrok, gure sustraiak ezagutzeko beharrezkoa da, esan dau.

Goi mailako lan sendoa izan ez arren, ikerketa lana da bere horretan, azaldu dau Adolfo Arejita Labayruko zuzendariak. Inkesta eta bideo ugari dagoz lanaren oinarrian. Herriz herri ibili dira informazinoa batzen, batez be leku enblematikoetan, Mundakan, Durangon, Lekeition, Gernikan, Bilbon, Markinan eta abar.

Aratusteak aurreko ohiturak be agiri dira lan honetan, berbarako, San Anton eguna, Kandelario, San Blas edo Santa Ageda eguna. Karnabaletako jateko bereziak ez ditue ahaztu, tostadak, esaterako. Arau bako sasoia izan dira beti aratusteak, kexak azaltzeko egunak, kritikak, kezkak, adierazo dau Arejitak. Halanda ze, herrietako kantak eta esaera zaharrak batu ditue.

Mundakako atorrak eta laminak, Markinako antzar-jokoa, Lekeitioko Estudiantinea, Gernikako Marroak, Durangoko Surrandiak eta Trapagarango Carrascoliendas herrietako ohiturak dira, baina badira karnabalak urian bere. Bilboko aratuste urbanoetako Farolin eta Zarambolas personaiak topauko doguz behar honetan.

Karnabalak ez dira agintarien gustuko izan sarritan, halanda ze ohitura asko diktadura sasoian desagertuarazo egin zituen. Handik urteetara berreskuratu egin dira batzuk, baina ez danak. Lehengoari barriro heltzeko ahalegin handia egin da han-hor-hemen. Globalizazinoaren garaian bizi garan honetan, norberaren ezaugarri bereziak izatea asko estimetan da, adierazo dabe egileek.

Aratusteak Bizkaian liburua Geureak bildumako hirugarren monografikoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu