'Ahozko Hiztegia' euskeraz entzungai dagoan lehenengoa aurkeztu dabe

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-06-11 15:48

Euskeraz entzungai dagoan lehenengo hiztegia aurkeztu dabe, Ahozko Hiztegia. Bostak Bat taldeak sareratu barri dauen 5000 Hiztegia dau ardatz. Daborduko entzungai dago Azkue Fundazinoaren webgunean.

Euskeraz entzungai dagoan lehenengo hiztegia aurkeztu dabe, Ahozko Hiztegia. Bostak Bat taldeak sareratu barri dauen 5000 Hiztegia dau ardatz. Daborduko entzungai dago Azkue Fundazinoaren webgunean.

EHUren Bizkaia Aretoan izan da aurkezpena, eta bertan izan dira Xabier Etxaniz EHUko Euskera Errektoreordea, Iñaki Gaminde EUDIA ikerketa-taldeko kidea, Inma Hernaez Aholab laborategiko zuzendaria, Gotzon Aurrekoetxea ikerketa-proiektuko arduraduna eta Patxi Uribarren Bostak Bat alkarteko kidea.

Ahozko Hiztegiak euskerazko sarrerak entzuteko aukerea emoten dauen lehenengo baliabidea da; euskerazko berba bat topau, eta sarrereak ondoan daukan soinuaren ikurra sakatuz, entzun daiteke berbea. Proiektuak euskera estandarraren azentu eredua aztertu eta euskerearen intonazioa zehazteko tresnak eskaintzea dau helburu.

Lan hau guztiau egiteko beherrazkoa izan da diziplina askotako lan-taldea batzea. Eredu erabilgarria emon gura izan dabe, lagungarria izan daitela, batez be hizkuntzearen arlo formalean.

Euskereari ekarri garrantzitsua egin jakola nabarmendu dau Aurrekoetxeak. Inon baino bariazino prosodiko handiagoa daukagu, baina ezezagutza handia dago arlo horretan, ganeratu dau. Lehenagotik egindako proposamenak kontuan hartu ditue, hau da, Txillardegirena eta José Ignacio Hualderena. Proposamen barri bat egin da, papeletik harago, esan dabe.

Ahozko Hiztegia osotzeko, hainbat pausu emon ditue. Lehenengo, euskera estandarrerako azentu arauak zehaztu dira; ostean, Aholab laborategiak ahots sintetizagailua prestau dau eta, amaitzeko, proiektua 5000 Hiztegia-n inplementau da, Bostak Bat eta EHUren arteko hitzarmena sinatuta.

Proiektuan aukeratu dan marko teorikoa fonologia metriko-autosegmentala izan da eta, honen arabera, intonazio-kurbak zehazteko azentudun silabea zehaztu da. Horretarako, aldaera dialektaletan eta euskera estandarrean emoten diran azentu motak aztertu behar izan ditue, arauak finkatu eta eredu bat proposatzeko.

Ahozko Hiztegiaren arduradunen eretxiz, ezinbestekoa da eredu estandarrak edo hizkera formalak eta jasoak azentu eredu bat izatea. Azentu arauak zehazten lan handia egin dau Gamindek, azentua euskereak daukan gauza gatxenetakoa da, haren esanetan. Ahozko Hiztegian azentuak zehazteko izandako erespideak azaldu ditu, azentu lexikorik, berbarako, ez da kontuan hartu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu