Bisiguaren V. Festa ospatuko da Orion garagarrilaren 19tik 22ra

Bizkaie! 2012-07-04 11:46

Holako azokak oso garrantzitsuak dira gastronomiaz harago arrantza mundua gizarteratzen laguntzen dabelako. Urtero 300.000 persona joaten dira holako azoketara, arrantza sektorean lanean jarduten daben langileen lana autortzera.

Oriok Bisiguaren Festaren bosgarren edizinoa ospatuko dau garagarrilaren 19tik 22ra bitartean. Aurkezpen ekitaldian, Beñat Solaberrieta Orioko alkatea, udal ordezkariak eta hiru parrilleroak izan dira egitaraua aurkezten, baita Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria ekitaldia babesten.

Solabarrietak adierazo dauenez, jaialdi gastronomikoaren helburua oriotarrei eta gure herrira hurreratzen diran guztiei bisigua prezio erakargarrian jateko aukerea emotea da. Eta horrezaz gan, herriko eragile desbardinakaz alkarlanean antolatutako ekitaldiakaz aisialdirako aukerea emotea. Lau egunetan 500 bisigu erreko dituela iragarri dau. Aurreko edizino guztietan lez, Joxe Miel Zendoia -Katxina jatetxea-, Luis Mari Uranga -Xixario jatetxea- eta Mikel Manterola -Joxe Mari Erretegia- ibiliko dira lan horretan.

Joxe Miel Zendoiak, beste bi parrilleroen izenean, Bisiguaren Festa goraipatu dau; onuragarria da bai herriarentzat eta baita herriko ostalariontzat be. Orion aspaldikoa da bisigua erreteko ohiturea, eta inguruko herrietatik jente asko etorten da gure jatetxeetara bisigua jatera. Horri eustea garrantzitsua da eta esangura horretan begitantzen jat Bisiguaren Festak bultzada handia emoten deutsola, esan dau. Jarraian, bisigua erreteko Orio Estiloaren barri emon dau. Sukaldarien berbetan, berezitasuna bisiguak erreteko moduan dago: Orion ez dogu besugerarik erabilten, bisiguak zabaldu eta parrilara botaten doguz.

Kontuak kontu, egun horreetan bisigua izango da protagonista Orion, baina protagonismo konpartitua izango da otorduakaz batera egun horreetarako antolatu diran ekitaldiakaz. Ekitaldi horreek antolatzen herriko eragileen inplikazinoa eta laguntzea izan dabela nabarmendu dau alkateak eta aurreko urteko filosofiari eusteko apustua egin dabela.

Guztien artean antolatu daben egitarautik honako honeek nabarmendu ditu alkateak. Batetik, gastronomiagaz loturea daukienak: pintxo txikiteoa (garagarrilaren 19an, iluntzean), marmitako dastatzea (hilaren 21ean, eguerdian, 1.200 errrazizo banatuko dira 1,5 euroan), bisigu lehiaketea (hilaren 21ean, eguerdian) eta hegaluze dastatzea (hilaren 22an, eguerdian, beste 1.000 errazino banatuko dira 1,5 euroan). Era berean, hilaren 21ean, Mus Ikurrinaren lehenengo edizinoa eta 22an, Bisiguaren Banderea izango dirala gogoratu dau.

Antolakuntzan parte hartu daben guztiei eskerrak emon ondoren, gipuzkoarrei garagarrilaren 19tik 22ra Oriora hurreratzeko konbita luzatu deutse.

Orioko plazan bisigua jateko txartelak erosteko aukerea zabalik dago oraindino. Erreserbak 943 83 09 04 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Salneurria 45 euro da. Menua aurreko urteetako bera izango da eta bost platerek osotuko dabe: antxoak gatzetan, tomate entsaladea hegaluzeagaz, zainzuriak, bisigua parrilan eta postrea. Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.


Euskadiko arrantza azokak

Orioko Bisiguaren Festa Euskadiko Arrantza Azoken barruan dago -Mutrikun Berdel Eguna, Ondarroan Antxoa Egune, Bermeoko Arrantza Azoka, Getariako Antxoa Eguna, Zumaiako Olagarro Eguna, Zierbenako Itsaski Azoka eta Lekeitioko Txipiroiaren Jardun Gastronomikoa bezela-.

Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak azaldu dauenez, holako azokak oso garrantzitsuak dira gastronomiaz harago arrantza mundua gizarteratzen laguntzen dabelako. Urtero 300.000 persona joaten dira holako azoketara, arrantza sektorean lanean jarduten daben langileen lana autortzera.

Egun, 2.300 lagunek egiten dabe lan itsasoan, eta beste 7.000 lanpostu dagoz lehorrean arrantza sektoreagaz lotuta. Euskal Autonomi Erkidegoko arrantza sektorearen erradiografia egin ezkero, 266 ontzik osotzen dabe euskal arrainontziteria. Horreetako 212 baxurakoak dira, 27 alturakoak, hiru makailao-ontziak eta beste 24 atun ontziak.

Joxe Mari Aizaga Basque Culinary Centerreko zuzendaria be Bisigu Festaren aurkezpenean izan da. Bere berbetan, Bisiguaren Festa eta antzeko ekimenak oso garrantzitsuak dira gure gastronomia indartzeko eta bizibarritzeko, eta sukaldaritza tradizionala zaindu beharraz ohartarazo dau euren lanari esker heldu baita euskal gastronomia dagoan elkura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu