Euskararen Aholku Batzordea Ekintza Mapa Berriaren diseinuaren lanketea hasi dau
2011-03-10 10:03 Euskerea berbagaiJoan dan zezeilaren 22an egindako batzarrean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusten eta Ekintza Mapa Berriaren diseinua lantzen hasi zan Euskararen Aholku Batzordea.
Joan dan zezeilaren 22an egindako batzarrean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusten eta Ekintza Mapa Berriaren diseinua lantzen hasi zan Euskararen Aholku Batzordea. Datozan urteotako hizkuntza-politikearen oinarriak Euskara 21 batzordean adostu baziran be, Euskararen Aholku Batzordeak erronka barria dauka: lan ildo orokor horreetatik abiatuta, bideragarriak eta eragingarriak izango diran neurri zehatzez osotutako plangintza orokorra egin behar dau. Ekintza Mapa Berriak segidea hartuko deutso azken hamabi urteotan administrazinoetan zein gizartean erreferentea izan dan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari.
Zezeileko batzarrean 30 lagun alkartu ziran eta batzorde-atal barria osotzeaz gan, batzordearen helburuak eta egitekoak zehaztu ziran. Lan metodologia eta lan egutegia be antolatu zituen. Gai jakin batzuen inguruan talde berezietan eztabaidatuko dabela erabagi eben. Lehengo taldeak irakaskuntzea, euskalduntze-alfabetatzea eta familia bidezko jarraipena izango dau berbagai; bigarrenak, administrazinoaren eta gune euskaldunen inguruan jardungo dau; lan mundua, aisia, kirola edota erlijinoa izango ditu aztergai hirugarren taldeak; hedabideei buruzko batzordea be izango da, prentsa idatzia, irratia, telebisinoa nahiz IKT-en inguruan jardungo dana; azkenik, liburugintzearen, kulturgintzearen, publizidadearen, corpus-plangintzearen edota euskerearen kalidadearen inguruan berba egingo dauen batzordea sortuko da.
Hurrengo batzarra apirilaren 12an egingo da, EBPNren ebaluazinoa aurkezteko. Ostean, aitatutako bost taldeak hasiko dira beharrean eta 2012ko urtarrilerako aurreikusten da bere lehenengo aldiko lanak amaituta izatea.
Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazo dauenez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ibilbidea amaitu dau eta orain bide barriari ekin behar jako. Bide horretan, Ekintza Mapa Berria zehaztea izango da lehenengo pausua. Oinarri teorikoak badagoz, orain oinarri horreek praktikara eroan behar dira, ganeratu dau.
Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-atalak be hasi dira lanean. Zezeilaren 24an, Informazio eta Komunikazio Teknologiak batzorde-atala alkartu zan. IKTen alorrean euskereak dituan beharren zerrendatzea eginda, zerrenda hori garatu eta lehentasunak ezartzea eta arrazoitzea izan dabe lehentasun. Hurrengo batzarra maiatzaren 19an egingo dabe.
Toponimia batzorde-atala, barriz, martiaren 2an alkartu zan lehenengo bider eta bagilaren 14an jarraipena izango dau joan dan asteko batzarrak. Terminologia batzorde-atalak, azkenik, lehenengo bilerea eginda, maiatzaren 26an ekingo deutso beharrari. Batzorde-atal honeen bien kasuan be, lan proposamen zehatza eginda ekin jako lanari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!