Ubide-Zeanuri: adiskidetasunaren zeharkaldia

Testua Eta Argazkiak Jon Urutxurtu 2009-10-27 14:47

Ubide-Zeanuri. Larreen Mankomunidadearen III. Zeharkaldia urri bigarrenaren 31n, zapatuan, egingo da orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapenerako urtero egiten daben batzarra aprobetxauta.

Ubide- Zeanuri. Larreen Mankomunidadearen III. Zeharkaldia urri bigarrenaren 31n, zapatuan, egingo da orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapenerako urtero egiten daben batzarra aprobetxauta. Ganera, ekintza hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako IX. Jardunaldien egitarauaren barrruan sartu da, jardunaldien aurtengo gaiagaz 'Bizkaia, bideetan zehar' bat dator eta.

Zeharkaldiaren antolaketeagaz Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteak arduratuko dira, udalerri bietako Udalen, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearen, BBKren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz.

Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei, ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak (eta berenberegi Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea) ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.


Erdi Aroko galtzadan zehar

Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean, udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Jarraian, batzar agiria sinatu eta bi Udaletako zinegotziek batera bazkaltzen dabe. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek historian zehar izan dituen gorabeherei eta matrakei amaierea emoteko adostutako akordioa da.

Urtero egiten da Udalen batzar hori nahiz eta bere jatorria ezezagunak izan ubidar eta zeaniztar gehienentzat. Beraz, ikerketa sakona, edo gitxienez argitzea, beharko leuken jazoerea da. Hori da etorkizunera begira antolatzaileek planteau daben beste erronka bat.

Zeharkaldiaren urteerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan, eta ibilbide osoa egiten dabenek 12 kilometro inguru beteko ditue. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadeak jarraitzen eban bidetik joango dira parte-hartzaileak, eta bigarren kilometroan galtzadearen arrastoak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jaitsierea hasten da Saldroporantz zuzentzeko; hemen Otsarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz joteko; aurbeherea hasi bezain laster arbelgune bat azaltzen da, eta gizaldietan zehar gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan. Aldain auzunetik igarotzerakoan galtzadatik etozan zaldien posta-etxea egoan ondotik igaro eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskoiko ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, azkenik Zeanuriko plazara heltzeko.


Udalen batzarra

Zeharkaldia amaitu ezkero, hamabiren bat kilometro egingo ditue ibiltariek, baina seguru hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.

Ubide-Zeanuri. Larreen Mankomunitatearen III. Zeharkaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko udaletxean bi udalerrietako zinegotziek batzarra egingo dabe; bertan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, bilera agiria sinatuko dabe eta, ondoren, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina oraingoan Ubideko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea ubidarrei egokituko jake.


Ibilbideari buruzko zehetasunak

* Izena emotea: Ubideko plazan, debalde.
* Autobus zerbitzua (debalde):
- 09:15ean Zeanuriko plazatik Ubidera, zeaniztarrak edota Zeanuri kotxea ixten dabenak Ubideko abiapuntura eroateko.
- 13:30etan: Zeanuritik Ubidera, ubidarrak edota Ubiden kotxea itxi dabenak eroateko.
* Urteerea: 10:00etan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* 13:00etan: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta batzar agiria sinatzeko.
* Informazinoa: ibilbideko puntu interesgarriei buruzko informazinoa emoten daben diptikoak eta 1909ko larren mankomunidadearen bilera agiriaren faksimila banatuko ditue antolatzaileek.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea, Joko Alai Alkartea, Amexier Mendi Alkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte AsanbladEa.
* Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu