Stephane Hessel giza eskubideen defendatzaileak jasoko dau Parisen, Unesco/Bilbao saria

Bizkaie! 2008-12-09 16:35

Giza Eskubideen Aldeko Kulturea Sustatzeko Unesco/Bilbao saria Stephane Hessel giza eskubideen defendatzaile historikoak jasoko dau. Ekitaldia Parisen izango da abenduaren 10ean eta kulturearen eta politikearen munduko Europa osoko jentea alkartuko dau, adierazpen horrek nazinoartean dauen garrantzia gogorarazoteko.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalak 60 urte bete ditu eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi egin dira. Horreetako azkena izango da Giza Eskubideen Aldeko Kulturea Sustatzeko Unesco/Bilbao saria Stephane Hessel giza eskubideen defendatzaile historikoari emotea. Ekitaldia Parisen izango da abenduaren 10ean eta kulturearen eta politikearen munduko Europa osoko jentea alkartuko dau, adierazpen horrek nazinoartean dauen garrantzia gogorarazoteko.

Stephane Hessel giza eskubideen defendatzaile historiko frantsesak Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen eskutik jasoko dau saria; NBEk alor honetan emoten dauen bi sarietako bat da eta dirusaria eta garaikurra dituan bakarra. Ekitaldia Giza Eskubideen Nazinoarteko egunean izango da eta bertan izango dira Frantziako Kanpo Arazoetarako Estadu idazkari Rama Yade eta Unescoko zuzendari nagusi Koïchiro Matsuura.

Horreez gan, Paulo Coelho idazlea eta Joaquin Atxukarro pianistea be han izango dira. Atxukarro Bilboko Seme Kuttuna da eta Bakearen Aldeko 2000ko Unesco Artistea be bai. Ekitaldiaren amaieran piano errezitaldi bat emongo dau.

Era berean, sari-emotea dala eta, Parisen izango dira Unesco Etxeko presidente Ruper Ormaza eta zuzendari Mikel Mancisidor. Giza Eskubideen Kulturea Sustatzeko Unesco/Bilbao Saria Unesco Etxeak Bilboko Udalaren eta Unescoren artean egindako bitartekaritzearen frutua da; bitartekaritza horri esker, Bilboko Udalak laguntzen dau diruz sari hau. Ondorioz, Bilboko Udalaren kargu izan dira sariko gastuak eta kudeaketan parte hartu dau; leitekeana da, gainera, datozen bi urteetan Bilbon izatea sari-emotea.

Giza Eskubideetan Hezitzeko Unesco Saria 1978an sortu zan, giza eskubideen arloan ekintza barriak sustatzeko asmoz. Bilbori lotutako etapa barri honetan, sariak dimentsino eta hedadura handiagoak proposatzen ditu, eta heziketearen arloan nabarmendutako personak eta erakundeak ez eze, beste arlo batzuetan nabarmendutakoak be autortu nahi ditu, besteak beste, ikerketan, sentsibilizazinoan eta giza eskubideen aldeko ekintzetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu