Bizkaiko gozogileek 3.000 Karolina erregalauko ditue Bilboko Plaza Berrian

Bizkaie! 2008-11-07 11:17

Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak 3.000 Karolina erregalauko ditu zapatuan, zemendiak 8, Bilboko Plaza Barrian eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak 3.000 Karolina erregalauko ditu zapatuan, zemendiak 8, Bilboko Plaza Barrian eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Era horretara, pastelgileek lehenengo aldiz Bizkaiko Artisau Pastelgintza Jaia ospatuko dabe. Horrezaz gan, Bilboraino etorritako guztiek Carolinari buruzko sekretuak, pastela zelan preparau edo apaindu, ikasi ahal izango ditue, bertan ipiniko diran tailerretan. Plaza Barrian 5 metroko Carolina puzgarri bat kokatuko da, nahi dauen guztiak argazkiak egin ahal izateko oroigarri moduan.

Gozogileen Alkartasunak jentearen harrera ona espero dau eta jai hau tradizino bihurtzea gustauko litzaieke. Gainera ez dabe bakarrik Bilbon ospatu gura, izan be, asmoa ahalik eta herri gehienetara eroatea da. Jaiaren helburu nagusia argi daukie alkartean: bezero guztiei gogoratu artisau gozogintzan kalidadea dala garrantzitsuena.

Karolinea jai honen protagonista aukeratzea ez da kasulidadea izan. Hurrengo martitzenean, zemendiaren 11n, Euskal Merkataritzaren Astea ospatzeko ekitaldien barruan, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak logotipo barri bat aurkeztuko dau Bilboko Merkataritza Ganberan. Logotipoaren irudia karolina bat da hurrengo mezuagaz: 'Hemen, artisau gozogintza- Aquí, pastelería artesana'. Marka honegaz alkarteak egunero bezeroei kalidade handiko produktuak eskaintzen deutsezan gozotegien lana bereizten dau.

Karolina tarta Kaputxina, Sokonusko turroia eta Begoña tarteagaz batera Bizkaian bakarrik preparetan dan pastela da. Hostorezko oinarri gozoa eta kirrikatsua, eta goikaldean merengezko torrea kolore eta gusto nahastezinagaz. Alde batetik, gorringo pintzeladea eta, bestetik, hain erakargarria dan txokolatea. Pastel honen izenaren gainean kondaira asko dagoz. Famatuenaren arabera, pastela sortu eban pastelgileak alaba bat eukan, Karolina deitutakoa. Hortik pastelaren izena. Izenaz aparte, pastel honen ezaugarri aitagarriena preparetako zailtasuna da. Zazpi manipulazino behar dira bazkalburuko hau egiteko.


Kalidadeagaz konpromisoa daben artisauak

Bizkaiko Gozogileen Alkartasuna 1976. urtean sortu zan, nahiz eta 1940. urtetik Boulevard Kafetegiaren lehenengo pisuan bilerak egiten ziran, garai horretan modu ezkutukoan. Gaur egun, 52 kidek osotzen dabe alkartea. Helburuen artean aintxinako egiteak berreskuratzea eta, aldi berean, produktu barriak sortzea bezeroen nahiak asetzeko. Betidanik Bizkaiko bezeroek exijenteen famea izan dabe.

Historian zehar Alkartea Bilboko Alde Zaharragaz lotuta egon da. Gaur egun, alkartearen gunea Ribera kalean dago (1 zbk, 1. pisua ezk.). Hori dala eta alkartearen kideek erabagi dabe Plaza Barrian egitea lehenengo Bizkaiko Artisau Pastelgintza Jaia.

1979. urtean Bizkaiko Gozogintzako Lanbide-Eskolea sortu zan, Estaduko garrantzitsuenetarikoa. Bere helburuen artean hurrengoak dagoz: Nekazaritzako elikadura-sektorearen barruan heziketa eta ikerketara bideratutako jarduerak eragin, pizgarritu eta sustatzea, bereziki pastelgintzan, gozogintzan, opilgintzan, okintzan eta kakaoaren eratorrietan, txikizkako merkataritza merkaturatzea eta laguntzea; Gozogintzako eta merkaturatzeko taldearen lanbide-tekniken eragimena, bai oraingoena bai balizkoena, hobetzen laguntzen daben ekintza guztiak bultzatzea; Gozogintzarenak berarenak diran jarduerak indartzeko ingurune pribilegiatu bat sortzea eta eskulangintzazko gozogintza eta bere elikadura- eta dietetika-onuren zabalkundea egitea.

Heziketeari dagokionean, prestakuntza arautua, langileen birziklatzeko eta etenbako prestakuntza ikastaroak emoten dira. Gaur egun, 100 ikasle inguru daukaz.

2002an zabaldu ziran Bizkaiko Gozogintzako Lanbide Eskolaren instalazino barriak Bilboko Masustegi auzoan. Ia 1000 m2 ditue.

Gremioak bere jardueren bitartez, zapatuko jaia bezela, beti izan dau helburu nagusien artean, kide dan erkidegoaren gizarte bizitzan sartu eta parte hartzea, eta horregaitik bere ekintzek beti gainditzen dabe hezkuntza-eremua eta gizarte eta kultura arloetara zabaltzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu