Itsas giroko Erdi Aroko azoka bategaz ospatuko dau Ondarroak bere 681. urteurrena

Bizkaie! 2008-09-17 15:26

Jai hau ospatzen da 681 urte beteten diralako Ondarroa uribildu izentau ebenetik. Egunean zehar sasoi haretako jantziak eta ohiturak antzezteko eta ikusteko aukerea egongo da, bertan ehunka herritarren parte hartzea izanik gehien nabarmenduko dan ezaugarria.

Datorren zapatuan Ondarroako kaleek Erdi Aroko azokea hartuko dabe. Jai hau ospatzen da 681 urte beteten diralako Ondarroa uribildu izentau ebenetik. Egunean zehar sasoi haretako jantziak eta ohiturak antzezteko eta ikusteko aukerea egongo da, bertan ehunka herritarren parte hartzea izanik gehien nabarmenduko dan ezaugarria.

Jaiak bi zati izango ditu, lehenengoa azoka aurreko egunetan zehar izango dalarik. Hor dago, esate baterako, ‘Erdi Aroko Jantziak eta Ondarroako kaleak garai haretan’, egunotan zarratu dan sasoi haretako erropakaz osotutako erakusketea.

Beste alde batetik, Ondarroako Historia Zaleak taldeak hiru berbaldi antolatu ditu: lehenengoa irailaren 11n izan zan ‘Arantzibiatarren leinua eta Ahaide Nagusiak Erdi Aroko Ondarroan’; bigarrena irailaren 16an, ‘Ondarroako uribilduaren Foru Agiriari (1328) hurreraketa bat'; eta hirugarrena, barriz, gaur, hilak 18, izango da ‘Ondarroako lehen erroldak: 1490 eta 1545 urteak eta eguneroko bizimodua Erdi Aroan’; hizlaria Iñaki Bazan izango da.

Azokea bera zapatuan izango da eta antolatzaileek dei egin deutse herritarrei erdi aroko giroan jantzi daitezan eta balkoietan apaindutako izarak jar daiezan, bai lorakaz, bai armarriakaz. Taberna eta dendetako arduradunei be lokalak apaintzeko eskatu jake.

Ekimenak alde zaharreko kaleetan eta bere inguruan izango dira. Goizeko 10:30ean, jaiari itsas giroa emon gura jakonez, herritar talde batek arrain salmenta erreala egiten jardungo dau. Azokea goizeko 11:00etan zabalduko da. Dendari batzuk euren denden aurrean postuak jarriko ditue, euren jarduerak antzeztuz, esate baterako bitxiak eginez… Goizeko 11:30ean itsas personaien kalejirea egingo da eta pregoia irakurriko da Kofradia Zaharretik. Eguerdiko 12:30etik aurrera Euskal ezkontzea antzeztuko da eta erdi aroko dantzak egingo ditue Dantzarte eta Zubi Zahar ikastolako umeek. Musikea be ez da faltako, Ondarroako metal taldeagaz, txistulariakaz eta trikitilariakaz. Kale animazinoan akrobaziak, malabarrak eta antzerki saioak izango dira. Ordu berean, frontoian, Corrado Masaccik txotxongiloakaz egun honetarako preparau dauen ikuskizuna antzeztuko dau (Kortxeleko mamuakaz…).

Arratsaldean, Txirrimorraskik ‘Leokadiren errezeta magikoa’ jolas erraldoia ekarriko dau Musika Plazara, 16:00etatik 17:30era. Bestalde, 18:00etan Corrado Masaccik beste txotxongilo emonaldi bat eskainiko dau frotoian. Ordu berean, itsas personaien kalejirea hasiko da kaleetan zehar, 19:00etan herensugea eta kale animazinoa izango dira, ipuin kontalari eta antzerkiagaz eta 20:00etan Kresalako bandea ibiliko da kalean alaitzen.

Jaiaren amaierea Zubi Zaharraren inguruan egingo da. Arratsaldeko 20:30ean, Larraindantzea dago iragarrita eta ordu erdi beranduago ‘Arrain Andiaren Bertsoak’ abestuz agur esango jako jaiari. Kantaizekoek (musika eskolako orfeoikoek) grabau zituen kofradia zaharrean XIX. mendean Tiburtzio Urrosolo ondarrutarrak idatzitako bertso honeek. Antolatzaileek bale handi bat jarriko dabe Zubi Zaharrean.

Egitarauan agertzen danaz gan, herrian zehar salmenta postuak izango dira; holan Kantoipen, eleizearen azpian, Eskola Publikoko, Institutuko eta Zubi Zahar ikastolako ikasleak izango dira; eta Txomin Agirre ikastolakoak, Kofradia Zaharraren inguruan, guztiak prestatu dituzten tailerrak erakutsiko ditue; buztina, berun eta kristalez egindako ontziak… Hauek eta queimada ederra ere prestatuko dute Galizia Etxekoek Musika Plazan.

Horrezaz gan, dendarien eta artisauen azokea be izango da. Tretza eta amu egileak, koltxoiak joten, sare konpontzaileak, otzara, goru eta txalupa egileak, egurra lantzen, euskal erropak, ehungintzea, xaboiak, loreak, anbarra, ogia eta gaztaia topau ahal izango dira Nasa kalean. Saltzaile gehienak Ondarroa eta ingurukoak izango dira, baina zenbait gauza osotzeko Naparbideko hiruzpalau postu be ekarri dira, honeen jaki tipikoakaz. Danakaz arreta berezia jarri da euskeraz dakitenak izan daitezan.

Gainera, Kaleandin pilotak eskuz egiten jardungo dabe eta ehiza hegaztien erakustaldia be izango da bertan. Kale honetan bertan poniak egongo dira eta Musika Plazan asto batek tirautako gurdian ibilteko aukerea egongo da. Kaleandin, Goiko Kalean eta Aita Eterno baseleizan Erdi Aroari buruzko oholtza informatiboak jarriko dira, eta hainbat hormatan herriko esaerak eta betiko berbak be eskegiko dira.


Antolatzaileak

Ondarroako Udala eta 681. urteurreneko Herri Batzordea: Arranondo Kultur Alkartea, Arrigorri Bateleroen Elkartea, Artelan Kutur Elkartea, Dantzarte Elkartea, Erribera, Goiko Kale, Kaleandi, Iparkale, Nasa eta Pixapeko ordezkariak, Galizia Etxea, Gure Txoko harategia, Institutuko Guraso Elkartea, Kale Animazio Tailerra, Kresala Elkartea, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Ondarroako Arraun Elkartea, Ondarroako Historia Zaleak, Ondarroako Metal Taldea, Ondarroako Txistulariak, Pastor harategia, Kantaize Abesbatza, Radixu Irratia, Sare Konpontzaileak, Traman&Brix Antzerki Taldea, Txirrimorrasko ODLT, Txomin Agirre ikastola, Unanue Kamara Korala, Zaldupe eskola publikoa eta Zubi Zahar herri ikastola.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu