III. Mintza Egunak Euskal Herriko 400 bat lagun alkartuko ditu Getxon datorren bagilaren 14an
2008-04-09 19:46 Euskerea berbagaiBizarra Lepoan taldeak eta udalerriko hiru euskaltegiek osotutako Egizu alkarteak azkenengo 8 urteotan antolatu dau berba lagunaren ekimena, hau da, euskeraz dakitenak eta ikasten dabilzanak alkartzeko.
Euskal Herriko berbalagunen talde guztiak Getxon batuko dira datorren bagilaren 14an Getxon izango dan III. Mintza Eguna lelopeko jaian, Egizu Getxo Euskaldun alkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz. Aurten hirugarren edizinoa izango da, aurretik Iruñean eta Donostian egin ondoren. Aurreikuspenen arabera, Euskal Herri osoko 400 bat berba-lagun batuko dira Getxon aitatutako egunean.
Bizarra Lepoan taldeak eta udalerriko hiru euskaltegiek osotutako Egizu alkarteak azkenengo 8 urteotan antolatu dau berba lagunaren ekimena, hau da, euskeraz dakitenak eta ikasten dabilzanak alkartzeko. ‘Hori eta beste ekitaldi batzuk aurrera eroatea ahalbidetzeko Getxoko Udalak eta Egizu alkarteak igaz lankidetza hitzarmena sinatu eben’ Koldo Iturbe Euskara zinegotziak prentsaurrekoan azaldu dauenez. Hori dala eta, Udalak aurten 16.900 euroko dirulaguntzinoa emon deutso Egizuri.
Rocio Luces, alkarte honetako dinamizatzaileak gogoratu dau une honetan 170 lagunek hartzen dabela parte berba lagunaren ekimenean, 26 taldetan banatuta. Orain, udabarrian talde barriak osotzeko kanpainea abiarazo dau Egizuk, astean behin ordubetez euskeraz berba egiteko helburuagaz. Izena emoteko epea apirilaren 15ean amaituko da.
Berba lagunen taldeak (4 edo 5 lagunek osotuta) edadearen eta denpora librearen arabera alkartzen dira. Alkartekoek apiriletik bagilera bitarterako 20-30 lagun barrik izena emotea espero dabe, beste lau talde gehiago osotu ahal izateko. Talde horreetan parte hartzera euskaldun zaharrak be animau ditue Egizukoek, euren partaidetzea oso garrantzitsutzat joten dabelako.
Egizuk 2007. urtean 25 bat jarduera antolatu zituan, 1000 lagunen partaidetzeagaz. Danetara, 85.000 eskuorri eta kartel banatu zituan eta blogean 25.000 bisita baino gehiago izan ziran. Berba lagunaren ekimenean edo ganerako ekitaldietan parte hartzeko interesatuek honako bi telefono zenbakietara deitu leikie: 94 491 43 57 edo 619 935 541 edo bestela egizugetxo@yahoo.com helbide elektronikora edo www.blogari.net/egizu blogera jo.
Egitaraua
Berba lagunaren ekimenaz gan, Egizu alkarteak beste hainbat ekitaldi antolatu ditu udabarrirako, batzuk Bizkaiko eta Euskal Herriko beste alkarte batzuekaz alkarlanean. Hemendik eta ikasturtea amaitu bitartean honako ekitaldiak antolatu ditu: apirilaren 12an, bizikleta urteera Barakaldotik, 14an, barriz, txalaparteari buruzko berbaldia, hilaren 26an, mendi urteera Tologorrira, maiatzaren 13an eta 14an, magia saioa Tor magoagaz, maiatzaren 17an, mendi urteera Kolitzara, maiatzaren 24an eta 25ean, astegoienpasa Zugarramurdira, bagilaren 14an, Mintza Eguna eta bagilaren 21ean eta 22an, astegoienpasa Plazaolara bizikletaz ibilteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!