Kontseilua: 10 urte euskerearen normalizazinoaren alde

Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusia Bizkaie K Moldatua 2007-12-05 10:04   Euskerea berbagai

Kontseilua osotzen dogun erakundeok, ‘Euskeraz bai’ adierazpena preparetan gabilz, euskerearen egoerea azaldu eta etorkizunerako erronkak azalduko dituana. Adierazpen honen bidez Euskal Herri osoko eragileen atxikimendua batzea dogu helburu. Danon ahotsa behar dogu, ‘Euskaraz bai’ argi eta garbi entzun daiten.

Erakunde baten bizitzan, euskerearen normalizazinoa helburu dauen erakunde baten bizitzan 10 urte ez dira gehiegi, ezta gitxiegi be. Hamar urtean gauza asko gertatzen da eta Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluan joandako hamar urteotako lorpen nagusiak zenbatzeko bi eskuetako atzamar guztiak behar doguz:

Bat. Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluan batu dogu euskalgintzearen zati esanguratsua (46 eragile) euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko helburu konpartidu eta bakarragaz. Euskerearen unibersoan lanerako planeta kokatu genduan.

Kontseilua osotzen daben bazkide bakotxak norbere zereginagaz zein guztiak alkarlanean Kontseiluaren aterkipean lan eskerga egin dau. Besteak beste euskalgintzako alkarteen arteko ezagutza eta lotura areagotuz, eta euskereak dituan beharretaz guztion artean gogoeta eginez.

Bi. Euskal Herriko bost kirol estadiotan herritarren ahotsa entzunarazo genduan, 120.000 lagunen ‘Bai euskarari’ bateratu eta indartsuagaz.

Hiru. Gizarte-eragileen babesa bilatu dogu. Gure jarduna alkarlanean oinarritu dogu. Hori dala eta, hainbat herritako administrazino, erakunde, sindikatu, eragile-politiko eta enpresarialakaz lanean gabilz.

Lau. Euskal Herriko lurralde guztietako 121 herritara zabaldu dogu euskerearen aldeko mezua ‘Bai Euskarari Akordioa Herrietan’ proiektuaren bidez. Horri esker, Tafallan, Amurrio, Uztaritze, Basauri eta Donostian lan egiten dogu, besteak beste.

Bost. Lan-mundua euskalduntzen laguntzeko tresna asmau dogu: Bai Euskarari Ziurtagiria. Enpresa eta bestelako entidadeek euskerearen alde hartzen dituen neurriak kreditatzeko sistema eta tresna sortu dogu. Proiektu barritzaile honek honezkero Euskal Herri osoko 1.500 entidadetan eragitea lortu dau.

Sei. Hizkuntza-eskubideak babesteko tresna abian jarri dogu: Hizkuntza-Eskubideen Behatokia. Herritarren kexa eta zorionakaz lan egiten dau zuzenean, abian jarritako ‘Euskararen telefonoa’-ren bidez.

Zazpi. Gizartearen etenbako laguntzinoa jaso dogu. Are gehiago, norbanakoek euskerearen aldeko konpromiso zehatzak hartu ditue.

Zortzi. Nazinoarteko hainbat instituzino eta erakundegaz hartu-emonetan gagoz, eta hizkuntza gitxituei buruzko foroetan izan gara.

Bederatzi. Hizkuntza-politika eraginkorrak lortzeko eragite-lana egin dogu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Era berean, Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntza-politikea neurtu dogu normalizazinoan aurrera egiteko abiapuntua zehaztuz, eta bide beretik jarraituko dogu.

Hamar. Eskarmentu hau guztia metatuta hamaika gehiago doguz egiteko. Eta gogotsu ekingo deutsagu euskerearen normalizazinoaren bideari. Horretarako, bidelagunak behar doguz, ‘Euskaraz bai’ ozen esateko zure ahotsa behar dogu.

Bidegune honetatik eskerrak eman nahi deutseguz bidaide eta laguntzaile izan doguzan guztiei; zuri be bai, jakina; orain arte egin dozunagaitik eta etorkizunean egingo dozunagaitik.

Era berean, euskerearen alde gagozanon indarrak batu gura doguz. Kontseilua osotzen dogun erakundeok, ‘Euskeraz bai’ adierazpena preparetan gabilz, euskerearen egoerea azaldu eta etorkizunerako erronkak azalduko dituana. Adierazpen honen bidez Euskal Herri osoko eragileen atxikimendua batzea dogu helburu. Danon ahotsa behar dogu, ‘Euskaraz bai’ argi eta garbi entzun daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu