Jose Antonio Arana Martixak bere bibliotekearen dohaintzea egin deutso Euskaltzaindiari
2007-09-28 15:47Danetara, 6.000 liburu eta aldizkariz osotua dago liburutegia. Orain, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekearen zerbitzuek katalogazino lanak egingo ditue eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarriko dabe. Katalogoa hiru urteko epean argitaratuko da.
Jose Antonio Arana Martixak euskaltzain emerituak bere biblioteka personalaren dohaintzea egin deutso Euskaltzaindiari. Arana Martixak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak -Euskaltzaindiaren izenean- hitzarmena sinatu dabe beste euskaltzain guztiak aurrean zirala.
Danetara, 6.000 liburu eta aldizkariz osotua dago liburutegia. Orain, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekearen zerbitzuek katalogazino lanak egingo ditue eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarriko dabe. Katalogoa hiru urteko epean argitaratuko da.
‘Pozik, oso pozik’. Holan dago Jose Antonio Arana Martixa. ‘Berrogeta hamar urte luze pasau dodaz liburu artean. Eta gaur bizitzearen zati eder horri amaierea emoten deutsat. Ikusten dudana da lehen etxean neukana eta niretzako bakarrik balio ebana, orain Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan jarrita, nik daukadan apur horrek edonori informazinoa emoteko be balio dauela. Beraz, herriaren eta euskerearen aldeko ekarpena da nirea’.
Euskaltzaindiari emon deutsona Arana Martixaren biblioteka personala da, hau da, urte askotan osotu dauen lan-bibliotekea, bere lanak egiteko erabili dituan liburuak eta argitalpenak batzen dituana. Gaiei jagokenez, danetarik topau daiteke: hizkuntzea, historia, zuzenbidea, musikea, folklorea edota etnologia. Arana Martixak gehien maite dituan autoreen lanak, Luis Luziano Bonaparte eta Resurreccion Maria Azkue, liburutegi horretan dagoz.
Jose Antonio Arana Martixa Gernika-Lumon jaio zan, 1931eko martiaren 10ean. Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna da. 1978an Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekako zuzendari izentau eben. Urte bete geroago, 1979an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle aukeratu eban eta, 1988ko urriaren 28an, euskaltzain oso. Sarrera berbaldia Gernikan egin eban, ‘Euskaltzaindiko aulkien historiaz hurbiltze bat’ gaiaren ganean. Aita Villasante orduko euskaltzainburuak erantzun eutson. Euskaltzain emeritua da 2006ko garagarrilaren 20tik.
Argitaratutako lanen artean, honeek dira aitagarrienak: Música Vasca (1976); Elai-Alai, Euskal Herriko lehen koreografia taldea (1977); Opera vasca en Vizcaya (1977); Bernardo Gabiola (1980); Canciones de Navidad. Gabonetako kantak (1981); Resurrecion Maria de Azkue (1983); Eresoinka. Embajada Cultural Vasca, 1927-1939 (1986); Basque Music (1985); Gernikako Andra Maria Eliza (1988); Bibliografia Bonapartiana (1991).
Aitatutako liburuetatik aparte, beste batzuk be argitaratu ditu eta, tartean, ‘Bidegileak’ sailean be parte hartu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!