Urtsuan zazpi leio...
2007-05-28 02:00Urtsuago Jauregia Baztan aldean, Nafarroan, dago, hain zuzen be Arizkunen, agoten herrian. Gaur egun itxuraz aldatuta dagoan arren, gerrarako sasoi bateko horma eta defentsak erabat galduta eta aldatuta, oraindino igarten jako bere garaian sano garrantzitsua izan zala.
Urtsuago Jauregia Baztan aldean, Nafarroan, dago, hain zuzen be Arizkunen, agoten herrian. Gaur egun itxuraz aldatuta dagoan arren, gerrarako sasoi bateko horma eta defentsak erabat galduta eta aldatuta, oraindino igarten jako bere garaian sano garrantzitsua izan zala. Hurrengo lerroetan ba eraikin honetaz egingo dogu berba, bertan irudikatzen diralako gure Herrialdeak historian zehar izan dituen hainbat eta hainbat bizipen.
Urtsuatarrak azpaldiko mendeetatik dagoz Nafarroako historiako ekitaldirik nagusienetan sartuta. XIV. mendean Urtsuako Iñigo Iñigez genduan Luzaideko nagusi, Iparralde eta Hegoaldeko mugen zaindari, beraz. Handik urte batzutara, Amaiurko gudan, Gaztelako Erregearen aldekoak ziran beaumontesak, Urtsuako Tristan eroan eben buru. Honen semea, Urtsuako Pedro, Ameriketan aberasteko asmoz, El Doradora egindako espedizinoan joiazan gudarien buru zan 1560. urtean. Baina espedizinoa ez zan eurek pentsatako moduan urten eta gudarien artean joian Lope Agirre gipuzkoar ospetsuak Espainiako Erregeak emondako aginduekaz konforme ez egoalarik, Urtsuakoa hil eban, ekintza honegaz, alperrekoa izango zan askatasunaren aldeko ibilaldiari ekinez.
Baina ez da historia bakarrik Urtsuako jauregiagaz lotuta dagoana. Kondairak eta kontu zaharrak be badaukie bere lekua Arizkuneko torretxean. Horreetariko bat Benito Lertxundik berak musikatu eban eta horregaitik dogu ezaguna. Bertan Urtsuako jauna zanak Iparraldean dan Lantaineko alabeagaz ezkontzeko zala, haurdun egoala ikusirik, bertan hil ebala konteten deusku:
Urtsuan zazpi leio,
zazpiak lerro lerro
Lantaineko alaba
Urtsuan defuntu dago.
Urtsuan defuntua
Santa Anan kausitua
adios erran gabe
etxetik partitua.
Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri:
horien guzien gatik
nik ez Urtsura nahi.
- Goiti zazu burua,
ene arreba Juana.
- Eztezaket goratu
anai Batista Jauna
- Izorra omen zara,
ene arreba Juana.
- Zertan ezautzen nauzu,
nere anaia jauna?
- Zaldia zelarekin
zuretzat jarria da.
- Nik egiten dudan haurra
zure besokoa izanen da.
Ikusten dogunez ba, Pirinioetako mugako gorabeherak, Nafarroaren askatasunaren aldeko burrukea, Ameriketarako joanaldiak, Euskal Herriko historiako atal nagusiak danak be, zeozelako loturea dabe Urtsuatarren jauregiagaz.
Gaur egun Urtsuako jauregia ez dago ‘zutunik’. Sasoi bateko torretxeari hainbat eraikin gehitu jakoz eta indarra, agintea, errespetua eta, zergaitik ez, bildurra, adierazoteko eregitakoa, gaur egun baserri bihurtu da, nekazari etxea, etxe arrunta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!